Hegaluzea tomatearekin
Hegaluzea tomatearekin
HEGALUZEA
Hegaluzea/hegalaburra modu askotara presta daiteke: txapan, marmitako eran, parrilan, gordinik… kasu honetan, tomatearekin nola egin azaltzen da. Lehen urratsetan plantxatik edo zartagin batetik pasa behar da, eta hau ere errezeta oso moduan ulertu daiteke, horrela kontsumitzeko bikaina dena.
Osagaiak:
- 4 Hegaluze solomo (180gr bakoitzak)
- tipula bat
- 4 baratxuri hortz
- piper berde bat
- tomate frijitu pote bat
- ardo txuri kopa bat
- oliba olioa
- gatza
- perrexila edo tipulina broteak.
Errezeta:
(Argazkikoak piper gorriak ere baditu)
- Hegaluzea garbitu eta hezurrak kendu, zati garbia edukitzeko. Solomoaren tamaina, txekor azpizuna izaten denaren tankerakoa izan behar du. Finegi mozten bada, lehortzeko arriskua dauka eta.
- Su bizitan zartagina berotu, hegaluzea gatz-pipertu eta olio goilarakada baten laguntzaz plantxan egin alde bakoitzetik minutu erdi bat. Hegaluzearen erdialdea gordinik geratzen delarik.
- Zartagin berean, beste olio goilarakada bat gehitu, tipula, piperra eta baratxuriarekin batera. Su bizitan frijitu.
- Barazkiak kolore apur bat hartzen duten momentuan, ardo txuria eta tomatea gehitu. Su ertainean egosi 20 minutuz.
- Azkenik, jan baino 5 minutu lehenago, hegaluzea tomate saltsa berotan ipini.
- Perrexila edo tipulina gehitu zerbizatzeko momentuan.
Kasu!
Garaiean eta bertakoa bada, askoz hobe! Garaia ekaina eta iraila bitartekoa da.
Kontserban prestatzeko ohitura, irailean eman ohi da.
Hegaluzea tomatearekin
Oilasko eta barazki paella
Soberan dauden osagaiak erabiltzeko errezeta bikaina da, proposamen hau egokitu zure beharrei eta kuzina ezazu zeure-zeurea den paella.
Osagaiak:
- 4 eskukada arroz
- Ura (arroza hainako bi)
- Tipula bat
- Piper gorri eta berde bana
- Azenario bat
- Kuia txiki bat
- 2 Bartxuri buru
- Ardo zuri kopa bat
- Oilasko zatiak (bularki eta iztarrekin eginak) 250gr
- Bi goilarakada oliba olio
- Gatz apur bat
Errezeta:
- Barazki guztia garbitu eta zuritu.
- Barazkiak zati txiketan moztu, guztiak tamaia berekoak egin behar dira.
- Paela batean bi koilarakada olio jarri eta guztia berotu.
- Baratxuri eta tipula zatiak gehitu eta guztia ondo landu 5 minutuz, kolorea har dezan.
- Kolorea hartzen duenean gainontzeko barazki guztiak gehitu eta su bizian ondo landu.
- Beharrezkoa da barazkiak ondo lantzea, kolore bizia har dezaten
- Oilasko zatiak paelara gehitu eta guztia ondo landu gatz apur batekin.
- Oilaskoa gorritzen denean arroza gehitu eta guztia batera nahastu.
- Ardo zuri kopa gehitu eta guztia lurrundu bitartean landu sutan.
- Azkenik ura gehitu, eta irakiten hasten denean sua jeitsi. 20 minutu behar izaten ditu guztiak egosten.
- Paelak puntu ona izan dezan itzali sua amaitzear dagoenean, berez beroareki amaitzen delako egosten.
- Beharrezkoa da denbora batean egoten uztea 5-10 minutuz.
Kasu!
Arroz mota desberdinak daude merkatuan, baina paela egiteko gomendagarrienak ale luzeko arrozak izaten dira.
Oilasko eta barazki paella
Arroza txirlekin
Arroza txirlekin –
Osagaiak
- Kilo erdi txirla
- 6 eskukada arroz (bat eta erdi buruko)
- arrai edo oilasko salda (arrozaren hirukoitza). Urak ere balio du.
- 4 baratxuri atal
- ardo txuri kopa bat
- kaiena txiki bat
- perrexila
- oliba olioa
- gatza
Txirla mota asko aurki daiteke merkatuan: fina, lerdetsua, japoniarra… Denetan zapore fin eta ohikoena txirla “fina” erakoa da. Galizia aldetik datorrena. Arroza txirlekin errezeta hau egiterakoan txirla mota orok balio du, baita muskuiluak ere. Prozesuan bata bestearen lekuan jartzea nahikoa da kasu honetan.
.
Errezeta:
- Arroza egingo den zartagia berotzen jarri oliba olio goilarada batekin. Bero dagoenean, txirlak gehitu eta tapatu. Txirlak irekitzen hasten diren momentuan zartaginetik atera.
- Salda berotzen jarri.
- Zartagina su ertainera jetsi, oliba olio koilarakada bat, kaiena eta batxuri xerratua gehitu bertara.
- Baratxuria kolorea hartzen hasten den momentuan, kaiena atera eta arroza gehitu. Minutu batez gorritu.
- Momentu honetan, saldaren 3/4 eta perrexil txikitu eskukada bat gehitu. Estali eta su ertainean egosten jarraitzeko.
- Bor-borrean hasten den momentuan gatz puntua eman.
- Arroza egosirik baina apur bat gogor dagoela (2 minutu faltan) txirlak eta geratzen den salda gehitu eta mahaiera atera.
.
Kasu!
Txirlak erosteko momentuan itxirik egon behar dute. Bizirik eta fresko dauden seinale. Erdi zabalik baldin badaude, kutsatzeko arriskua egon daiteke, beraz, hobe ez erostea.
Arroz mota asko topa daiteke merkatuan, aproposena errezeta hau burutzeko, Bomba delakoa da. Mota bakoitzak egoste denbora ezberdina du, hoberena hau kontrolatzeko, noizbehinka probatzea da.
Arroza txirlekin
Legatz frijitua
Legatz frijitua –
Osagaiak
- 4 legatz solomo (180º bakoitza)
- 2 arrautza
- 3 koilarakada irin
- Gatza apur bat
- 4 koilarakada ekilore olio
Errezeta
- Plater sakon batean bi arrautzak puskatu eta irabiatu, ondo nahastu arte.
- Beste plater batean irina jarri.
- Legatz solomoak gustuko tamainetan moztu, norberak nahi dituen zatietan. Oso zati txikiak ez egin frijitzean legatzaren puntua pasa egiten delako.
- Zartagi altu batean ekilore olioa berotzen jarri, oliba olioarekin ere frijitu daiteke.
- Olioa berotzen den bitartean legatzari gatz apur bat bota eta irinetan igaro. Garrantzitsua da legatzak irin asko ez hartzea, beharrezkoa soilik.
- Legatza arrautza irabiatutik pasa eta zuzenean zartagira sartu.
- Olio berotan lehenik alde batetik frijitu 2 minutu inguru, kolorea hartzen duenean beste aldetik frijitu beste 2 minutu.
- Zartaginetik ateratzean soberan daukan olioa xurgatu sukalde-paperetan jarrita.
- Lagungarri eran mahonesa edo gustuko saltsarik erabil daiteke.
…
Kasu!
Legatza izoztua edo freskoa izan daiteke. Izoztua erabiltzeko errezeta egin bezperan jar ezazu hozgailuan piskanaka desizozten.
Kontuz! Anisakirik topatzen baduzu legatza freskoan kendu zati hori, normalean mendreskan egoten dira. Eta beste guztia arazorik jabe gozatu.
Ez baduzu egiten den unen jan behar, gorde ezazu hozgailuan edo biharko asmotan bazabiltza, bi plateren artean leku fresko batean.
Ogitarteko eran ere bikain geratzen da!
…
Akaso!
Legatz frijitua
Dilistak
Osagaiak:
- 0,4kg dilista
- Egosteko txorizo bat (barazkijalea edo beganoa bazara ez, prefosta!)
- 2 patata
- Azenario bat
- Oliba olio bi koilarakada
- Gatz koilarakada txiki bat
Errezeta:
- Patata eta azenarioak garbitu: patata lauki txikitan moztu, azenarioa berriz xerra finetan.
- Txorizoa 4-5 zatitan ebaki.
- Lapiko batean olioa berotzen jarri, eta bertan txorizo zatiak landu 3-4 minutuz.
- Guztia ondo landu denean, patata eta azenario zatiak bertara gehitu eta dena elkarrekin nahastu.
- Dilistak eta gatza gehitu eta urarekin bete lapikoa, guztia urez estal dadin.
- Egosten eduki, ordu eta laurden inguru lapikoan egiten baditugu. Presio-eltzean 20 minututan egiten dira.
- Amaitzean gatza puntuan jarri eta gozatzeko prest ditugu, ez baditugu egun berean jango, hozten direnean hozgailuan gorde.
Kasu!
Errezeta merkea da eta ikasketa egun gogorretarako praktikoa.
Egun batetik bestera ederki mantentzen den errezeta da, ikasketa egunetan osasuntsu elikatzen jarraitzeko.
Dilistak
Oilasko errea
Oilasko errea –
Osagaiak:
- Oilasko bat osorik
- Garagardo botilatxo bat
- Ziape edo mostaza koilarakada bat
- Gatz koilarakada txiki bat
Errezeta:
- Labea berotzen jarri 190ºtan.
- Oilasko osoa labeko ontzi batean jarri, bularkia goruntz duelarik.
- Garagardo botilatxo bat gehitu gainetik, oilasko guztia garagardoarekin bustiz.
- Gainetik gatza gehitu, norberaren gustuaren arabera, koilarakada txiki bate nahikoa izaten da oilasko bakoitzeko. (Garrantzizkoa da gatza garagardoarekin busti ostean gehitzea era honetan oilaskoan itsatsirik geratzen delako.)
- Oilaskoa labean sartu 45 minutuz, (denbora oilaskoaren araberakoa izaten da normalean 45 minutu edo ordubete inguru behar izaten du.)
- Azala gorritzen zaionean oilaskoa labetik atera eta zartagi batera bota askatu duen zuku guztia.
- Oilaskoa labean sartu berriro eta bitartean zartagian askatu duen zukua ziape koilarakada batekin landu. Guztia loditzen den bitarte 5 minutuz.
- Azkenik oilaskoari gainetik eginiko saltsa gehitu eta azken minutuak eduki labean, guztiz egin dadin.
Kasu!
Oilaskoaren azken saltsa egiten dugunean edozein espezie gehitu; piper hautsa, kurria, norberak gustoko dituenak.
Hezurrak ere zupatuko dituzu oilasko honekin!
…
Akaso!
Urruneko aitonaren bideoa, Kentucky Fucking Chicken bertsioa…
oilasko errea
Etxeko torrada edo torrijak
Etxeko torrada edo torrijak –
Soberan pilatzen diren ogiekin egiteko postre bikaina.
Osagaiak:
- Etxean soberan dagoen ogi zaharra, 2-3 hatzen lodierako zatitan moztua
- Litro bat esne
- 0,1kg azukre
- Bainila adar bat edo kanela hautsa koilarakada txiki bat
- Limoi bat
- Laranja bat
- 2 arrautza
- Oliba olioa 3 koilarakada
Errezeta:
- Ogi gogor zatiak ontzi batean jarri.
- Lapiko batean esnea, azukrea, bainila adarra eta limoi zein naranjaren azalak egosten jarri. Guztia irakiten hasten den bitarte.
- Ogiari gainetik lapikoko guztia gehitu eta bertan utzi 2-3 orduz. (Esnearekin ez baditugu guztiz estaletzen, ordubete igaro eta gero buelta eman ogi zatiei. Beharrezkoa da ogiak esne guztia ondo xurgatzea.)
- Plater batean arrautzak irabiatu.
- Zartagi altu bat berotzen jarri oliba olioarekin, ondo berotu behar da olioa.
- Ogi zatiak banaka arrautza irabiatutan igarotzen joan eta ondoren zartagian frijitu.
- Zartagian hurraren kolorea hartzen duen bitarte mantendu alde bakoitzetik.
- Frijitu eta gero soberan duen olioa kendu sukalde paper baten gainean eta azukrez estali gainetik.
Kasu!
Errezeta hau ogi zahar zein berriarekin egin daiteke, amaitzean izozki edo saltsez lagunduta jaten da normalean.
OGIAk panes: Baguettea Baguette Barra luzea Barra grande Barra txikia Barra pequeña Baserriko ogia Pan de leña Erromatar txikia Romanito Flauta Flauta Fruitu lehorrezko ogia Pan de frutos secos Moldeko ogi integrala Pan de molde integral Moldeko ogi zerealduna Pan de molde de cereales Moldeko ogia Pan de molde Ogi birrindua Pan rallado Ogi espainola Pan español Ogi gatzgabea Pan sin sal Ogi integral haziduna Pan integral de semillas Ogi sesamoduna Pan de sésamo Ogi sojaduna Pan de soja Ogi txigortua Pan tostado Ogi-barra zerealduna Pan de cereales barra Ogi-irin integrala Harina de trigo integral Ogi-irina Harina de trigo Opilak Bollos Vienako ogia Pan de Viena Zekale-ogia Pan de centeno Zopakoa Pan de sopa Txapata Chapata
…
Akaso!
Maitane Segurolaren TORRADAK bideo RZ:
Etxeko torrada edo torrijak
Pasta entsalada
Pasta entsalada
Osagaiak:
- 0,3kg pasta
- kontserbako atuna pote bat (beganoa bazara ez, jakina)
- piper berde bat
- piper gorri bat
- entsaldarako tomate bat
- 16 oliba inguru
- kontserbako arto pote bat
- 0,1 kg gazta
- Oliba olioa bi koilarakada
- Gatza
- Mahats pasak bi koilarakada
- 10 intxaur
- Ozpin koilarkada bat
Errezeta:
- Lapikoan 1,5l ur irakiten jarri.
- Piperrak garbitu eta zati txikitan moztu.
- Tomateari azala kendu eta zati txikitan moztu. (Azala erraz kentzeko, tomateari gurutze bat egin azalean labanarekin eta ur irekinetan murgildu minutu batez.)
- Artoari duen zuku guztia kendu.
- Gazta lauki txikitan zatitu
- Lapikoan irakiten dagoen urari gatza eta olio koilarakada bat bota.
- Pasta lapikoan sartu eta 8-10minutuz irakin.
- Pastari ur beroa kendu eta ur hotzetan egosketa eten.
- Azkenik ontzi batean pasta, barazki txikituak, atuna, gazta, intxaurrak eta pasta ondo nahastu.
- Hozkailuan gorde
- Ongarria egiteko, ontzi txiki batean ozpin koilarakada bat, mahats pasak, oliba olio 2-3 koilarakada eta gatz apur bat nahastu.
- Jateko unean entsalada ongarriarekin nahastu.
Kasu!
Errezeta freskoa da, hozkailuan mantendu beharrekoa, baina guztiz erabilgarria kanpoan bazkaltzen duzunerako.
Osagaien neurriak norberaren arabera egokitu daitezke inongo arazorik gabe.
…
Akaso!
Pasta entsalada
Haragi eta barazki lasagna
Haragi eta barazki lasagna –
Errezeta honek motako askotako betegarriak onartzen ditu: ganba eta porrua, ontto, barazkiak, saltsa ezberdin… askorekin bete daitezke.
Haragi eta barazki lasagna
Osagaiak:
- 3 Pasta geruza edo plantxa
- 40 gr gurin
- 50 gr oliba olio
- 110 gr irin
- litro bat esne
- 250 gr haragi txikitu
- tipulina bat
- 6 baratxuri atal
- azenario bat
- ardo txuri kopa bat
- tomate pote bat
- kuiatxo bat
- berenjena bat
- 6barrengorri edo txanpinoi
- parmesano gazta birrindu eskukada bat
- mozzarela gazta birrindu eskukada bat
Errezeta:
- Bexamela egiteko, zartagin batean, oliba olioa eta gurina ipini su ertainean, azkeneko hau urtu arte. Urtzen den momentuan, irina gehitu mugitzeari utzi gabe pasta bat lortuz. Kolorea aldatzen hasten zaion momentuan esnea gutxinaka gehitu eragiteari utzi gabe,nahi den lodiera lortuz. Gatz puntuan jarri, sutatik atera eta gorde.
- Saltsa bolognesa egiteko, tipulina, baratxuriak eta azenarioa zuritu eta txiki txiki egin. Hauek, zartagi batean su ertainean gorritu eta 5-10 minutura haragia gehitu. Honek kolorea hartzean, ardo txuri kopa eta tomate potea gehitu eta dena batera 30-40 minutuz su ertainetan egosi.
- Kuia, berenjena eta txanpinoiak, dado txikitan moztu eta su bizitan gorritu 3-4 minutuz. Ondoren, egindako bexamelaren erdia berotu eta bertara igaro barazki dado hauek. Ondo nahasi eta gorde.
- Lasagna montatzeko, pastari behar duen egoste puntua eman. Ura irakiten ipini eta pasta xaflak sartu biguntzen diren arte. Ondoren, ur hotzetara igaro.
- Muntatzeko, molde baten laguntzaz, oinean pasta xafla jarri, gainean, bolognesa, berriz ere pasta, gainean barazki bexamela, gero, pasta eta azkenik geratzen den bexamela eta gazta birrinduak.
- Amaitzeko, labean 200ºtan 5 minutuz gratinatu eta zerbitzatu.
Kasu!
Lasagna gazta gehitu gabe egun batetik bestera hozkailuan gordetzeak, gorputza emango dio eta manipulatzea erraztuko du. Horrela, nahi izan ezkero, banako platerak zerbitzatu daitezke, gazta gehitu eta zuzenean gratinatuz.
…
Akaso!
Haragi eta barazki lasagna
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin.
Plater hau “etxean ezer ez dagoen” egun horietan egitekoa da, batez ere. Ulertzen diguzu, ez da?
Osagaiak:
- Zortzi patata ertain (bina lagun bakoitzeko)
- Lau arrautza (bana lagun bakoitzeko)
- Antxoila poto bat, antxoilak erditik moztuta
- Pare bat tipulina edo tipula fresko handi bat, zerrenda finetan moztuta (juliana)
- Maionesa basokada bat (edo, ez baduzu egin nahi, edo hozkailuan ez badago, edo beganoa bazara, ozpinolioa)
- Gatza
Errezeta:
- Patatak ordu erdi batez egosten jarri. Zuritu gabe egitea komeni da, zarta ez daitezen, baina bizimodua erraztuko dizugu hatz puntak erre ez ditzazun gero zuritzerakoan: zurituta jarri, baina eginda daudenean, ur guztia kendu eltzetik eta minutu batean utzi eltzean bertan egiten urik gabe. Patatak bere baitara bilduko dira, ura galduz.
- Arrautzak ere egosi patatekin azken zazpi minutuetan, gehiegi ere egos ez dadin
- Maionesa bat egin edo, gogorik ez baduzu, hozkailukoa hartu, baina beti hobea zeuk egindakoa. Eta ez bazaizu maionesa gustatzen edo beganoa bazara, oilozpina egin (ozpineko bat, olioko bost) eta, baldin baduzu, Dijongo ziape koilarakadatxo bat ere nahastu.
- Azpil edo ontzi eder batean, patatak zatituta jarri, baratxuri ale baten tamainan edo, arrautza ere zabarki ebakita jarri gainean eta antxoilak olio eta guzti nahasi guztiari, baina patata apurtu gabe. (Begetarianoek antxoilarik gabe, jakina. Alkaparrak eta olibak jar daitezke ordetan ).
- Entsalada bat arinki olioztatzean bezala, egin gatza, ozpina eta olio parrastada bat eta dena nahasi. (Hartu kontutan, gero maionesa gehitu dakiokeela)
- Tipula gainetik egin edo ondoan jarrita zerbitzatu, agian baten batek ez du eta haren gordintasuna maiteko. Guk bai, arraioa!
- Maionesa ere alboan jarrita zerbitzatu, norberak bere tamainan gehi diezaion.
Kasu!
Errezeta honen sekretua epel jatea da, nahiz eta hotz ere bikaina den.
…
Akaso!
Entsalada epela
Perretxiko rissotoa
Osagaiak:
- 4 eskukada arroz
- 4 onddo haundi edo lau eskutada perretxiko (ziza, gibelurdin, negrilla, barrengorri…)
- 3 tipulina
- 2 baratxuri atal
- piper berde ale erdi
- haragi edo barazki salda, (besterik ez baduzu, pastillarekin egindakoa)
- baso erdi ardo txuri
- parmesano gazta, hauts edo xaflatan
- goilarakada bat gurin
- 5 goilarakada oliba olio
- gatza
- piper beltz hautsa
Errezeta:
- Perretxikoak sukaldeko paper heze baten laguntzaz ongi garbitu.
- Perretxiko/onddoaren txapela eta oina laban baten laguntzaz banatu.
- Barazkiak; tipulina, baratxuria, onddo oina eta piper berdea zati txikitan egin.
- Txapela gainontzeko barazkiak baino zati handiagotan egin. Eskuarekin apurtuta, hobe.
- Zartagin edo padera batean, 4-5 koilarakada oliba olio ipini eta onddo txapelak izan ezik, gainerako barazkiak gorritzen jarri su ertainetan.
- Barazkiak ongi gorritutakoan arroza eta onddo txapel zatiak gehitu eta ongi eragin su bizitan pare bat minututan.
- Ardo txuri edalontzi erdia gehitu eta 2-3 minutura salda.
- Salda gehitu eta su bizitan egosi lehen 3-4 minututan goilara baten laguntzaz aldiren batean eraginez eta paderan arroza ongi sakabanatuz.
- Su ertainera jeitsi eta gatzpipertu nahieran.
- Beste 10 minutuz egosi eta arrozaren puntua apurtxo bat gogor dagoela, gurin goilarakada eta parmesano gazta eskukada bat gehitu.
- Sutatik kanpo, goilararekin eragin krematsu geratu arte.
Kasu!
Ahal baduzu, txorroteko ur berotan edo, platera berotu eta lehortu risotoa zerbitzatu aurretik. Zerbitzatzerakoan, risoto geruza fin bat egin eta gainean parmesano gazta eta oliba olio gordin tanta batzuez lagundu.
Bomba eta carnarolli motako arrozak dira rissotoa egiteko merkatuan topa daitezkeen aproposenak. Egoste puntu aproposa 15 minuturen inguruan dutelarik.
Perretxiko rissotoa
Oilasko bularra
Oilasko bularra –
Osagaiak:
- 8 oilasko bularki
- ogi birrindua
- kurri hautsa
- piper hautsa
- gatza
- oliba olioa
…
Errezeta:
- Oilasko bularkiak xerratuta egotea beharrezkoa da, osorik badaude labanaren laguntzaz behar adina xerretan moztu. Egokiena harakinari xerretan eskatzea
- Oilasko bularkiari gazta, piper eta kurri hautsak bota. Bakoitzaren gustuaren arabera
- Plater batean ogi birrindua jarri. Era desberdinetakoa izan daiteke, lodia, fina, perrexilduna, etxean egina (ogi zaharra birrinduz)
- Zartaginean koilarakada bat olio jarri berotzen
- Xerrak banaka ogi xigortutik pasatu
- Olioa bero dagoenean bertan xerrak frijitu, alde batetik kolorea hartzen duenean buelta emanez
- Plateran jarri baino lehen, paper xukatzailean jarri soberan dagoen olioa kentzeko
…
Kasu!
Egun batetik bestera ongi mantentzen den errezeta da, beraz oso praktikoa ogitartekoan edo lan egun luzeetan izateko.
Ogi xigortuak olioa zikintzen du, beraz, xerra asko egiteko gomendagarria da olioa aldatzea.
…
Akaso!
100 oilasko izter eta hego RZ nola egin… Village food factory. Chicken, 100 Legs, 100 Wings, prepared by my DADDY…
Oilasko bularra
Maionesa
Maionesa –
Ez izan alferra eta ekin: zeuk egindakoa beti izango duzu hobea dendan erositakoa baino.
Osagaiak:
- Arrautza bat
- Baxoerdi ekilore olio (nahi baduzu olibolio parrastada bat ere egin, baina olibolio hutsarekin astunegia geratzen da)
- Goilarakada erdi ozpin
- Gatz ximiku bat
(Irabiagailua ere beharko duzu)
Errezeta:
- Jarri osagai guztiak ontzi luzexka batean (irabiagailuak ekartzen du berea)
- Irabiagailuaren besoa sartu ontzian beheraino eta eman indarrari
- Igo eta jaitsi hiruzpalau bidez, saltsa gorpuzten dela ikusi arte.
- Dastatu eta gatz/ozpin puntua zuzendu
Kasu!
Maionesa nahi beste gauza gehituta egin dezakezu: baratxuri ale bat, esne apur bat (arintzeko), perrexila, tipula… Guri geuri, soila gustatzen zaigu eta, ahal dela, sagardo-ozpinarekin.
Leundu nahi izanez gero, olio xuabeagoak erabili behar ditugu, eta oliba olioa eguzki-olioarekin nahasi ahal izango ditugu, esate baterako. Ozpinaren ordez limoia erabili ahal izango dugu, edo biak batera bideratu.
…
Akaso!
Badaezpada bideo bat ere atxikita…
Maionesa .
Espagetiak bolognesa eran
Espagetiak bolognesa eran
Osagaiak:
- 400g espageti
- 200g haragi xehetu
- azenario bat
- tipula haundi bat
- 4 atal baratxuri
- apio zati bat
- tomate saltsa litro bat
- ardo txuria edalontzi bat
- oliba olioa
- piper hautsa
- gatza
Errezeta:
- Baratxuri hortzak, apioa, tipula eta azenarioak zuritu eta txiki txiki egin.
- Haragia gatz-pipertu nahieran.
- Zartagin batean haragia su bizitan gorritu oliba olio pitin baten laguntzaz.
- Haragia atera, suaren indarra jeitsi eta barazkiak gehitu.
- Barazkiak kolorea hartzen duten momentuan, haragia eta ardo txuri edalontzi bat gehitu.
- 5 minuturen ostean, ardoaren alkola lurrundutakoan, tomate saltsa gehitu eta su ertainean ordu erdiz egosi.
- 10 minuturen faltan, espagetiak egosi oliba olio txorrota eta gatz pitin bat gehituta.
- Hauek egosita dauden momentuan, urgabetu, saltsatan jarri eta zerbitzatu.
- Nahi izatera, mozzarela edo parmesano gaztaren laguntzaz dasta daitezke. Ukitu italiar batekin amaitzeko, oregano edo albahaka freskoa gehitzea besterik ez da falta.
Kasu!
Saltsa zaporetsua eta indartsua lortzeko, debora luzez su ertainetan edukitzea ezinbestekoa da. Honela, ur gehiago galduko du eta zaporeak gehiago nabarmenduko dira platerean.
…
Akaso!
Clemenzaren meatball RZ “The Godfather”
Espagetiak bolognesa eran
Oreo gaztapasteltxoak
Oreo gaztapasteltxoak –
Gozozalea bazara, hara hemen pasteltxo erraz bezain interesgarria. Hori bai, hau egin ahal izateko Oreo markako gailetak osorik beharko dituzu, jan dituzun horiek ez baitute balio, kar, kar. On egin! 🙂 Hemen duzu errezetaren bideoa, eta gutxi bailitzan, azpian errezetarentzat behar dituzun argibideak ere bai:
…
Osagaiak eta errezeta:
- Bi katilutxo gazta fresko jarri gopor edo ontzi borobil batean
- Katilutxo bat krema mikatz gehitu
- Azukrea katilutxo bat
- Bainila likidoa goilarakada bat
- Dena irabiatu
- Bi arrautza osorik gehitu
- Irabiatu berriro orea lortu arte
- Madalenak egiteko ontzi batean, jarri madalena-paperak eta zulo bakoitzeko Oreo bana, hondoan
- Gehitu lortu duzun orea eta gainetik egin eskuz apurtutako Oreoa zatitxoak
- 125 gradutara dagoen labean, 22 minutu sartu
- Hozten utzi, hiru bat ordutan
Basquiat. Oreo. 1988. Olioa mihisean
. . .
Kasu!
Bai, badakigu guztiz yankia atera zaigula pasteltxoa, baina egizu proba eta ez zara damutuko. Areago, Jean Michel Basquiaten espiritua etorriko zaizu bisitan ahokada bakoitzean.
…
Akaso!
Oreo gaztapasteltxoak
Muskuiluak saltsan
Muskuiluak saltsan –
Inon plater on, merke, osasungarri eta errazik baldin bada, hauxe da bat. Erruz ikusikjo duzu Frantzia guztian eta, bereziki, itsasertzeko herrietan. Belgikan, ostera, plater nazionaltzat dute: patata frijituz lagunduta, jakina. Eta horrelaxe lortzen da guztiz osasungarria zen plater bat, ez hain bikain bihurtzea. Hori bai, moules et frites, janaldi eder bat egiteko aski eta, gainera, merkea.
Osagaiak:
- Kilo t’erdi muskuilu, Guri txikietakoak gustatzen zaizkigu prestaketa hau egiteko eta, gainera lan gutxiago ematen dute bizarrak eta oskoleko lapatxoak kentzeko orduan.
- Tipula gorri eder bat, txiki-txiki eginda
- Barazkiren bat: apio adar bat, azenario bat… txiki txiki eginda hau ere (Aukerakoa)
- Perrexila, zilantroa edo gustuko belarren bat. (Zabarki moztua. Aukerakoa)
- Basokada bat ardo zuri. Txakolinak ere balio du.
- Gurina 100gr
- (Ez dizugu guk esan, baina min zalea bazara, gehitu cayenatxo bat ere. Hori bai, gatzik ez erabili muskuiluek aski dute eta).
Prestaera:
- Muskuiluak ondo garbitu txorrotean bizarrak eta abarrak kenduz. Utzi xukatzen ontzi batean
- Kazola batean, gurinetan jarri erregosten barazki txikituak, su ertainetan, tipula gardendu eta apurtxo bat gorritzen hasi arte. Bosten bat minutu.
- Gehitu ardo basokada
- Ardoa irakiten hasitakoan, muskuiluak sartu bertara, sua igo eta kazola estali. Minutu batera, dena nahastu, horixe baita kontua: muskuiluetara saltsarekin batera barazki xehea sartea.
- Berriro estali eta beste pare bat minutu estalita utzi ostean, voilá.
- Zabarki moztutako belarra egin gainetik eta hatzekin jan. Nola, bestela?
—
Kasu!
Muskuiluaren oskolarekin hartzen da saltsa eta bertan diren barazki txikituak ere bai. Kontraste hori da bikaina, muskuiluaren haragia alde batetik eta barazkien testura eta kutsua bestetik batera hartzea, dena saltsak bustita. Ummm.
Muskuilu txiki hauek, Bretainia aldetik ekarritakoak izaten dira, batez ere. Oso erraz aurkituko dituzu Iparraldeko arrandegietan. Ez badaude, bi gauzagatik izan daiteke: zu baino azkarrago ibili delako besteren bat edota garaia ez delako.