Blog Artxiboa

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan – 

Uda betea denean izaten da gurean tunidoen kanpaina. Itsas-herrietan haren usaina sumatuko duzu eguzki-egunetan: erreta edo marmitakoan jarrita, ia beti. Baina ugariak dira hegaluzea (eta hegalaburra) prantatzeko erak. Esan dezagun, hala ere, tomatetan jarrita eskeintzeko modu hau dela, seguru asko, etxeetan gehien erabiltzen denetakoa. Hori bai, tomate saltsa gozoa egiten ibili gabe, potoko tomate frijitua erabilita gehienetan. Ez dira berdinak, badakigu hegalaburrak gantz eta kolore gehiago duela hegaluzeak baino, hala ere guk ez ditugu bereiziko hegaluzea eta hegalaburra, bonitoa eta atuna, alegia.

Osagaiak:

  • 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • 4 baratxuri ale
  • Tipulin bat, pikatua
  • 6 tomate umo, pikatuak
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat irin
  • Xorta bat ardo zuri

 

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

HEGALUZEA TOMATETAN (PIPERREKIN). Javier Lastras cc-by

Errezeta:

  1. Tomate saltsa egiteko: kazola batean 5 koilarakada olio isuri, tipulina gaineratu, gatza eman eta sutan edukiko dugu guztia, barazkia xamur geratu arte. Tomatea eta ardoa erantsi eta su eztian gozatuko ditugu kazolako gaiak, zaporea ongi mamitu arte. Ordu erdi baten buruan iragoko dugu saltsa puregailutik (ez irabiagailurik erabili, kolore gorria galdu egingo baita bestela).
  2. Gainerako olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan arinki pasa eta gero.
  3. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten.
  4. Tomate saltsan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.

Kasu!

Tomate gozo bat egiteko proposatu dizugun ortodoxiak nekea ematen badizu, erosi tomate saltsa on-on bat dendan eta harekin maneiatu arraina, alfer horrek! Bestalde, Javier Lastras lagunaren argazkian, pikillo piperrak gehituta ageri da hegaluzea, hori ere duzu aukeran.

Akaso!

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan
gogokoa

Oilaskoa geure erara

Oilaskoa geure erara – 

Egia esan, Iparraldeko erara ere esan genezakeen, frantziarrek á la basquaise deitzen duten hori, baina ez gara batere ortodoxoak eta haren aldakuntza bat dakargu, sinple bezain ederra. Gozatu eta izan gozo! 🙂

 

Osagaiak

  • Oilaskoa bat zati ederretan moztuta
  • Bizpahiru tipula gorri, julianan edo zerrendatan moztuta
  • Kilo t’erdi tomate umo edo heldu, zatitan
  • Lau goilrakada olio
  • Piperrauts beltza (aukeran)
  • Bi cayenako pipermin (aukeran)
  • Gatza

 

Errezeta

  1. Zartagin handi batean (edo kazola zabal batean), gatza eta piperrautsa emandako oilasko zatiak frijitzen jarri su bizitan. Alde batetik eta bestetik, guztiz gorritu arte. Hamar minutu beharko dituzu, gutxienez.

    oilaskoa frijitzen

    Oilaskoa frijitzen (Xolomo Sapiens cc-by)

  2. Oilasko frijitua kazola batean jarri aparte. (Kazolan egin baduzu, atera plater batera).
  3. Oilaskoa frijitzeko erabili dugun oliotan bertan, jarri tipula egiten, su ertainetan. Bosten bat minutu.
  4. Tomate zatitua gehitu, egin gatza, min zalea bazara, eragin pare bat buelta piperrautsaren errotari eta gehitu bi cayenatxoak ere. Utzi dena egiten, hamarren bat minutu.

    barazkiak erregosten

    Barazkiak erregosten. (Xolomo Sapiens-cc-by)

  5. Barazkiak apur bat guritu direnean, zartaginekoa gehitu oilaskoa dagoen kazolara eta utzi dena egosten su eztitan, hiru ordu laurden edo, oilaskoa biguin dagoela ikusi arte. (Bare egosteko hezetasunik ez daukala uste baduzu, basoerdi bat ur, ardo zuri edo salda gehitu egosi bitartean, baina ez askorik, tomatearen urarekin aski behar luke eta)
  6. Utzi apur batean sutatik kanpora egoten eta zerbitzatu.
oilaskoa geure erara2

Oilaskoa geure erara. Xolomo Sapiens cc-by

Kasu!

Plater hau bikaina da lagun batzuk dituzunerako. Aurrez ukan dezakezu prestatuta eta jateko orduan berotzea baizik ez zaio faltako. Irris (arroz) zuria jar iezaiozu alboan eta ikusiko. Arrakasta geure kontu.

Akaso!

Oilaskoa euren erara…

gogokoa

Arrautza frijituak

Arrautza frijituak – 

Baten batek “besterik ez bada, arrautza frijituk egongo dira” mezprezuz bezala esaten duen bakoitzean, zeru eta infernuetako arima noble guztiak jartzen dira dantzan. Zer dela eta gutxiespen hori? Txanpon txiki bat eskatutakoan, “ez daukat txanponik, baina urre pipita pare bat emango dizut ordainetan, besterik ez bada” esatearen antzekoa da. Zein jaki ezagutzen duzu arrautza frijitu parea baino gustagarriagorik?

 

Osagaiak:

  • Arrautza bat (normalean, bina egiten dira)
  • Oliba olioa bi koilarakada
  • Gatza
Arrautza frijituak

ARRAUTZA FRIJITUAK Demi

Errezeta:

  1. Olioa berotzen jarri zartagiean.
  2. Arrautza bertara puskatu. Lehen aldia bada edo zailtasunak badituzu, ontzi batean puskatu dezakezu arrautza oliotara bota baino lehen.
  3. Gatza gehitu arrautzari eta koilara baten laguntzaz olio beroa gainetik bota, guztia frijitzen joan dadin.
  4. Norberaren gustuaren arabera egiten dira, eginago ala gordinago.
  5. Platerera atera eta prest gozatzeko.

 

Kasu!

Arrautza ukitu aurretik, olio beroan bustiko dugu bitsadera, arrautza frijitua ganoraz atera ahal izateko. Lagungarri gisa, nahi bezalako gaiak bidera ditzakegu: piperrak, patatak, hirugihar frijitua, txorizoa, txistorra.

Akaso!

Arrautzarekin txorizo edo hartara salttxitxak ere primeran daude badakizu… Intzak hik! akonpañamendu umoretsu gisan akaso…

Arrautza frijituak
gogokoa