Gula entsalada
Gula entsalada –
Osagaiak
- 500 g gula
- 8 koilarakada oliba olio
- Koilarakada bat sagardo-ozpin
- Baratxuria
- Piperbeltza eta gatza
- Kaiena ale pare bat
- Entsalada:
- 2 uraza
- Eskarola bat
- Tipulin fresko bat, zirrindoletan moztua
- 3 tomate heldua, zurituak
- 8 zainzuri
- 3 arrautza egosi
- 8 antxoa xerra, oliotan
- Atun edo hegaluzea
Gula entsalada
Errezeta:
ENTSALADA
- Ur hotz ugarian, ozpin edo ehe tanta batzuekin, garbituko ditugu uraza eta eskarola hostoak. Xukatu eta ongi lehortuko ditugu ondoren. Eskuekin zatituko ditugu hosto handienak, hostoen zirietatik abiatuta.
- Garbitu ondoan, limoiaren moduko ataletan moztuko dugu tomatea. Ozpin-olioa prestatuko dugu gero, oliba olio birjina, ozpina eta gatza erabilita.
- Ozpin-olioaren herena isuriko dugu entsalada-ontzi baten hondoan eta haren gainean ipiniko ditugu tomate atalak, eta haien gainean zainzuriak, arrautza egosi laurdenkatuak, antxoak eta mendrezka, xafla mehetan izpitua edo papurtua. Gai hauen guztien gainean zabalduko ditugu uraza eta eskarola hostoak eta tipulin zirrindolak.
- Ozpin-olioaren gainerakoa ondoan duela zerbitzatuko dugu, ozpin-olioaz nork bere gustura manea dezan. Horrela egiten badugu, hostoak ez dira zimelduko. Gainera, gai astunenak ontziaren hondoan eta arinenak gainaldean ipintzen baditugu, behar bezalako entsalada jango dugu, gaiak zanpatu gabe.
GULAK
- Zartagin batean jarriko ditugu baratxuri pixka bat, pipermin pixka bat eta kaiena ale pare bat.
- Gulak bota eta dena nahasi.
- Entsaladaren gainean bota gulak
Gula entsalada
Kasu!
Entsaladaren hotza eta gulen beroaren arteko kontrastea primeran geratzen da.
Entsalada nahi bezala ere egin dezakezu, uraza eta eskarolarekin bakarrik ere primeran geratzen da. Egoera eta gustuen arabera osagaiak etengabe aldatzeko aukera duzu. Oinarri honetan, nahi bezalako entsalada guztiak maneatu ahal izango ditugu, erremolatxa, luzoker edo pepinoa, kornixonak ozpinetan, azenarioa, Idiazabalgo gazta dadotan, olibak, intxaurrak, eta abar gaineratuz. Ozpin-olioa ere alda dezakegu, ziapea, soja-saltsa edo limoi zukua erantsiz.
…
Akaso!
Gula nahaskiaren RZ bideoa honakoa:
Gula entsalada
Limoi sorbetea (cavaren kutsuan)
Limoi sorbetea (cavaren kutsuan) –
Osagaiak
- 300 g limoi sorbeteko
- litro erdia cava, oso hotza
…
Errezeta
- Irabiagailuaren ontzian nahasiko ditugu osagai guztiak.
- Segundo gutxi batzuetan eta bizi-bizi, krema izoztu bat, edontzi hotzetan isuriko duguna.
- Ateratzeko izozkailuan edukiko ditugu aurrez edontziak.
…
Kasu!
Ugari dira aldagaiak. Esnegain urtua ere nahasten dute batzuek, pixar bat bada ere. Limoi edari freskagarri gasdun izoztua eransten diote beste batzuek, limoi zukua edo limoi azal birrindua beste harakok, edo azukre pixka bat. Nork bere gogoa bete dezala, neska-mutilok!
…
Akaso!
Limoiisorbetea limoi baten barruan sartua RZ egiteko bideoa hemen…
Limoi sorbetea cavaren kutsuan – Limoisorbetea (cavaren kutsuan)
Limoi moussea
Limoi moussea –
Osagaiak
- 200 g esnegain likido
- 250 g azukre
- 10 arrautza gorringo
- 150 g limoi zuku
- 60 g gelatina-hautsa
- 200 g arrautza zuringo
…
Errezeta
- Lehenik esnegaina, 100 gramo azukre eta arrautza gorringoak kazola batean nahasi, eta berotzen ipiniko dugu guztia, baina irakin gabe, oso garrantzitsua. Jotzeari utzi gabe, eta tenperatura handian dagoenean, baina irakin gabe betiere, erantsiko ditugu limoi zukua eta gelatina-hautsa. Hagaxkekin ongi joko dugu orea ondoren. Sutatik atera eta utziko dugu pittin bat epeltzen.
- Beste gopor batean joko ditugu arrautza zuringoak elur itxura eman arte, eta erantsiko ditugu geratzen diren 150 gramo azukreak. Orduan erantsiko ditugu, limoi krema epela dugun goporrean, zuringo joak gomazko espatula batez, goitik behera nahasiz, poliki-poliki, jaitsi ez daitezen, ongi nahasitako moussea lortu arte.
- Orea gopor txiki edo poteetan isuri eta sartuko ditugu guztiak hozkailuan, ordu batzuetan, moussea finkatu eta fresko-fresko gera dadin. Zerbitzatuko ditugu.
…
Akaso!
Mango moussea-ren RZ bideoa segidan…
Limoi moussea
Mazedonia
Mazedonia –
Osagaiak
- Sagar bat
- Udare bat
- 2 banana
- Pinaburu erdi bat
- Meloi gozo erdi bat
- 2 limoi berderen edo 2 limaren azala, birrindurik
- Eskukada bat marrubi
- Eskukada bat mugurdi
- Mahats mordo bat, aletua
- 2 kiwi
- 2 laranja
- 2 laranjaren zukua
…
Errezeta
- Zuritu eta dadotan, ataletan edo xerratan zatituko dugu fruta guztia. Marrubiak laurdenetan erantsiko ditugu, eta azkenak izango dira mugurdiak, zanpaturik gerta ez daitezen. Banana ere azkenerako utziko dugu, ilun ez dadin.
- Fruta guztia batu eta gero erantsiko dugu limoi edo lima azal birrindua eta laranja zukua. Bira batzuk eman, nahasi eta freskatzen utziko dugu guztia hozkailuan. Hotz zerbitzatuko dugu mazedonia.
…
Kasu!
Norberaren gustuaren eta sasoiaren arabera aldatuko ahal izango da mazedonian nahasi beharreko fruta. Sasoikoa erosiz gero, merkeagoa izango da fruta. Ez ditzagun, bestalde, fruitu asko eta asko ahantz: gerezi hezurgabeak, kakiak, granada, limoia, aranak, pomeloa, mandarinak, eta abar.
Mazedoniaren gainetik menda, berbena edo albahaka hosto freskoak zabaldu egin ditzakegu. Egoki moldatzen dira fruta freskoarekin. Tanta batzuk likore edo edari bizi eranstea ere ez dago lekuz kanpo, eta esnegain harrotuarekin edo saltsa ingelesarekin zerbitza dezakegu mazedonia. Horrelakoetan, on egingo die lagungarri horiei tanta batzuk Dry Sack, Ron edo Porto zahar gehitzeak.
…
Akaso!
Fruta tropikalen mazedoniaren RZ segidan…
Mazedonia
Mamia edo gatzatua
Mamia edo gatzatua –
Osagaiak
6 pote betetzeko:
- Ardi esnea, litro bat
- Gatzagi likidoa
- Gatza
…
Errezeta
- Bi edo hiru gatzagi tanta isuriko ditugu lehenik lurrezko sei poteen hondoan. Gatz pittin bat eman eta irakiten ipiniko dugu esnea, eta irakin bezain laster, atera egingo dugu sutatik.
- Termometro batez neurtuko dugu esnearen tenperatura, eta itxaron egingo dugu 37º ingurura jaisten den arte. Une horretan sartu ahal izango dugu behatza erretzeko beldurrik gabe (horixe baita tenperatura neurtzeko beste modu bat, termometrorik ez badugu).
- Aukeratutako pote horietan banatuko dugu esnea ondoren, eta utzi egingo dugu mamitzen, giroko tenperaturan eta ukitu gabe, 15 bat minutuan.
- Esneak irakin ondoren, gainazalean sortzen den esnegaina hartu eta mamia egiteko poteetan banatzen dute batzuek esnea isuri bezain pronto, pote horietako bakoitzaren gainazalean koipe geruza gera dadin.
…
Kasu!
Egin bezain laster ez baditugu jan behar, hobe da paper batez estali eta hozkailuan sartzea, baina 2 egun baino lehenago jan behar dira betiere.
Jateko momentuan erantsiko dugu eztia edo azukrea. Koilararekin gainekoa jan, eta berriro ere emango diogu azukrea hondora iritsi ahala. Ez da bat ere egokia, inolaz ere, azukrea edo eztia erantsi eta dena nahastea, eta horixe bera gertatzen da beste esneki gatzatu batzuekin ere, jogurtarekin esate baterako.
Garrantzitsua da mamia hozkailutik atera orduko ez jatea, epela edo giroko tenperaturan askoz ere hobeto baitago. Hozkailuan gorde badugu, jan baino denboraldi bat lehenago aterako dugu hotz hori gal dezan.
Akaso!
Mamia edo gatzatua
Entsalada hornitua
Entsalada hornitua –
Osagaiak
- 2 uraza
- Eskarola bat
- Tipulin fresko bat, zirrindoletan moztua
- 3 tomate heldua, zurituak
- 8 zainzuri
- 3 arrautza egosi
- 8 antxoa xerra, oliotan
- Hegaluze mendrezka oliotan, 150 g
- 2 koilarakada handi Xerez ozpin
- 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
- Gatza
…
Errezeta:
- Ur hotz ugarian, ozpin edo ehe tanta batzuekin, garbituko ditugu uraza eta eskarola hostoak. Xukatu eta ongi lehortuko ditugu ondoren. Eskuekin zatituko ditugu hosto handienak, hostoen zirietatik abiatuta.
- Garbitu ondoan, limoiaren moduko ataletan moztuko dugu tomatea. Ozpin-olioa prestatuko dugu gero, oliba olio birjina, ozpina eta gatza erabilita.
- Ozpin-olioaren herena isuriko dugu entsalada-ontzi baten hondoan eta haren gainean ipiniko ditugu tomate atalak, eta haien gainean zainzuriak, arrautza egosi laurdenkatuak, antxoak eta mendrezka, xafla mehetan izpitua edo papurtua. Gai hauen guztien gainean zabalduko ditugu uraza eta eskarola hostoak eta tipulin zirrindolak.
- Ozpin-olioaren gainerakoa ondoan duela zerbitzatuko dugu entsalada, ozpin-olioaz nork bere gustura manea dezan. Horrela egiten badugu, hostoak ez dira zimelduko. Gainera, gai astunenak ontziaren hondoan eta arinenak gainaldean ipintzen baditugu, behar bezalako entsalada jango dugu, gaiak zanpatu gabe.
…
Kasu!
Aitzaki egokia dira entsaladak osagaiak etengabe aldatzeko. Oinarri honetan, nahi bezalako entsalada guztiak maneatu ahal izango ditugu, erremolatxa, luzoker edo pepinoa, kornixonak ozpinetan, azenarioa, Idiazabalgo gazta dadotan, olibak, intxaurrak, eta abar gaineratuz. Ozpin-olioa ere alda dezakegu, ziapea, soja-saltsa edo limoi zukua erantsiz.
Entsalada hornitua ondo eginda
Tiramisua
Tiramisua –
Osagaiak
- 5 arrautza
- 75 g azukre
- 75 g irin
- Kafe bat bikoitza eta beltza, expresoa
- Pattar zorrotada eder bat (amaretto)
- 4 arrautza gorringo
- 8 koilarakada azukre
- Mascarpone gazta krematsua, 250 g
- 4 arrautza zuringo
Tiramisua
Errezeta
- Bizkotxoa egiteko, katiluan 5 arrautza eta 75g azukre nahasiko ditugu. Indarrez irabiatuko dugu, orea loditzen eta zuritzen den arte, ongi harroa gelditzen den arte. Ondoren, irina bahetu eta euri fin gisara erantsiko diegu, poliki-poliki, arrautzei eta azukreari. Orea laberako paper sulfuroztatuaren gainean hedatu eta labean sartuko dugu, 7 minutuan, 180 graduan, lehortzen utzi gabe, gero xamur-xamurra geldi dadin.
- Bizkotxoarentzako bainua honela prestatuko dugu: kafe bikoitza, hotza, amarettoarekin nahasi eta hozten utziko dugu.
- Krema honela: katilu batean hagaxkekin arrautza gorringoak eta 4 koilarakada azukre ongi jo, krema franko horratzen den arte, lehen halako bi egiten den arte gutxi gorabehera. Ondoren, eragiteari utzi gabe, mascarpone gazta erantsi, pixkanaka-pixkanaka, dena bat egiten den arte. Bukatzeko, beste 4 koilarakada azukre eman diegun arrautza zuringo harro-harrotuak erantsiko ditugu.
- Tiramisua plum-cake moduko molde batean harrotzen ahal dugu, tartarako edo bizkotxorako erabiltzen ditugun horietako batean, edo baita portzelanazko ontzi txikietan ere, erasoagoa baita gero bakoitzari zerbitzatzeko. Erraz-erraza da.
- Bizkotxo-plantxa hautatu dugun ontziaren hondoaren tamainako puskatan moztuko dugu, eta puskak, esaterako, ontzi txikien hondoan jarriko ditugu. Puskak gero kafe-bainuaz blaitu, koilarakada eder bat botaz, harik eta bizkotxoa ongi urasetu arte. Ondoren gazta-krema ongi harrotua eman gainetik, ertzetaraino.
- Krema denbora-tarte batez hozten utzi behar dugu, hozkailuan esaterako, eta zerbitzatu baino lehenago kakao mingotsaren hautsez parpar eman oparo. Kafe-bainutik alkohola kendu, gehiegi gustatzen bazaie ere.
…
Tiramisua postre modernoa da, ez tradizionala, jende askok pentsatzen duenaren kontra. Bere jatorria 50. hamarkadan dauka Italiako ipar-ekialdean, Véneto inguruan, Venezia hiriburu duen eskualdean. Zenbaitzuk bere sorrera zehatza inguruetako burdeletan kokatzen dute…
Tiramisua
Txokolate moussea
Txokolate moussea –
Osagaiak
- 300 g txokolatea ilun, kalitate onekoa
- 2 arrautza eta 2 gorringo
- 5 koilarakada azukre
- Litro erdia esnegain, harrotua
- Xorta bat ron
…
Errezeta:
- Ontzatan moztu eta gopor batean sartuko dugu mikrouhinetan, indar apalenean, ur dadin.
- Bitartean, hagaxkaz joko ditugu, beste gopor batean, gorringoak eta arrautzak 3 koilarakada azukrearekin, orea loditzen eta zuritzen hasia dela sumatu arte. Gainera, beste 2 koilarakada azukreak erantsiko dizkiogu tinko harroturiko esnegainari.
- Urtu ondoren erantsiko diogu txokolateari rona, xorta bat.
- Azukrearekin jotako arrautzekin nahasiko dugu.
- Gomazko espatula batez erantsiko diogu ondoren ore hau esnegain harro azukreztatuari, goitik behera leunki nahasiz, moussea ahalik eta harroena izan dadin. Ez azkar jo, esnegain harrotua apal ez dadin.
- Goporretan edo portzelanazko pote txikitan banatuko dugu nahastura, eta ongi tapatuta edukiko ditugu hozkailuan, jan aurretik.
…
Kasu:
Gailetaren batekin lagun dezakezue postrearen aurkezpena.
…
Akaso!
2 osagaiekin egindako txokolate mousse RZ bideoa…
txokolate moussea
Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin
Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin –
Osagaiak
- 750 g marrubi, ongi onduak, laurdenetan zatituak
- Ezti pixar bat
- Laranja zukua, litro laurdena
Errezeta
- Ziur egon behar dugu marrubiek xomorrorik eta txortenik ez dutela. Uretan pasa eta poliki-poliki xukatuko ditugu zapi batez, laurdenetan zatitu aurretik.
- Eztiarekin busti, eta pausatzen utziko ditugu hozkailuan, 10 bat minutu.
- Hotz zerbitzatuko ditugu marrubiak, gopor txikietan, laranja zuku egin berri eta fresko-freskoarekin batera.
Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin
Arrozesnea
Arrozesnea –
Osagaiak
- Litro bat esne
- Pote bat esne lurrindua (ez da ezinbestekoa)
- 200 g arroz, pikor biribilekoa
- Laranja azal bat eta limoi azal bat
- Kanela adaxka bat
- 150 g azukre
Errezeta:
- Kazola batean ipiniko ditugu azukrea ez beste osagai guztiak.
- Sutan jarri, oso su eztian, eta ezti-ezti irakiten utziko dugu, 40 bat minutuan.
- Azukrea erantsi, eta irakiten utziko dugu beste 10 bat minutuan, zaliari maiz eraginez, hondoan itsats ez dadin.
- Ontzi batera aterako dugu guztia, eta utzi egingo dugu hozten, laranja eta limoi azalak eta kanela adaxka atera ondoan.
- Zerbitzatu.
…
Kasu!
Epela zein hotza har daiteke, hotza nahiago izaten du jendeak normalean. Arrozesne usaingozatua edo arrozesnea_arrautza gorringoekin ere hemen eskura sukaldean.com errezetategitik.
,,,
Akaso!
Uxueren arrozesne RZ bideoa…
Arrozesnea
Dilista entsalada
- Dilista egosiak eta xukatuak, hiru kilo laurden
- Txerri ukondoa, puska eder bat, egosia eta hezurgabetua, dado txikitan moztua
- Tomate handi bat, ondua baina ez biguna, dadotan moztua
- Perrexil xehatua
- Ozpin-pepinoak, txiki-txiki eginda, 2 eskutada
- 2 koilarakada maionesa
- Piaze pikorrak, 2 koilarakada
- Oliba olio birjina, 8 koilarakada
- 2 koilarakada sagardo-ozpin
- Gatza eta piperbeltz eho berria
…
Errezeta
- Hasteko gopor batean osagai hauek guztiak nahasiko ditugu: dilistak, txerri ukondoa, dadotan moztutako tomatea, perrexila eta ozpin-pepinoak.
- Katilu batean gatza eta piperbeltza jarriko ditugu, ozpinarekin. Oliba olioa gehituko diogu zurrusta finean, eta sardexkarekin joko dugu. Maionesa eta ziapea ere gehituko ditugu.
- Prestatutako saltsa honekin maneatuko ditugu dilistak. Ongi nahasi. Freskatzen utziko ditugu denbora-tarte batean hozkailuan, jateko atera baino lehen.
Dilista entsalada
Intxaur eta txokolate browniea
Intxaur eta txokolate browniea
Osagaiak:
Intxaur eta txokolate browniea
Errezeta:
- Txokolatea zati txikitan jarri
- Gopor edo bol batean gurina eta txokolatea mikrouhinean urtu.
- Nahasketa honi, azukrea gehitu eta ongi nahasi.
- Arrautzak ongi irabiatu kolore “zurixka” hartzen duten arte.
- Kontu haundiz, irina eta arrautzak, lehenengo nahaskerari, txandatuz gehitu eta nahasi.
- Dena ongi nahasirik dagoela, intxaurrak gehitu.
- Labetzeko moldea gurinaz igurtzi eta irin apur bat ongi sakabanatu jarri. (Honek brownia eginda dagoenean, hautsi gabe ateratzea erraztuko du).
- Lortu dugun nahasketa ipini gainetik.
- 180ºtan labetu 20 minutuz eta hozten utzi.
Kasu!
Lagungarri eran, garaiko fruta eta gustuko izozki batekin dasta daiteke. Mango, laranja, sagarra…
Labetzeko moldearen arabera, browniak altuera bat edo beste izango du, hortaz, labetzeko denbora ere honen araberakoa izango da.
Eginda dagoela ikusteko, txotx bat browniaren erdian sartu eta atera behar da. Txotxa garbi irten ezkero, egina dago. Hori bai, krematsu geratzea nahi bada, txotxarekin kontrolatu beharko da egoste puntua.
Intxaur eta txokolate browniea
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
Azkenaldian jatetxeetan topatzea horren ohiko eta erraz den azkenburukoa da. 5 minututan egin eta dastatzeko aukera ematen duena.
Azkenburu honen sekreturik handiena, jogurta kalitate onekoa izatea da. Aukera edukita, gertuko baserriren bateko esneaz egindako jogurta izatea gomendatzen da. Zaporeak eta testurak zerikusirik ez du komertzialagoekin. Bestela, garrantzitsua litzake testura lodiko jogurta aukeratzea.
Osagaiak:
- 500 gr Jogurt natural
- 50 gr ezti
- 100 gr esnegain
- fruitu gorri eskukada bat. Haranak, marrubiak eta mugurdiak
- jelatina 3 orri
- limoi bat
- gatz pitin bat
- azukre goilarakada bat
- modena ozpin goilarakada bat
- 4 gustuko gaileta
- menta hostoak
Errezeta:
- Lehen pausoa, jelatina ur hotzetan ipintzea da biguntzen den arte. Ura hartu eta biguindu den momentuan edalontzi batean ipini esnegainarekin batera eta mikrouhinean 30 segundoz berotu. Nahasketa ondo nahasi.
- Esnegaina eta jelatina nahasketa, gatza eta limoi azal birrindua jogurtari ongi nahasi. Nahasketa hau hozkailuan gorde ordu betez gutxienez.
- Bitartean, fuitu gorriei azukrea eta ozpina gehitu eta nahasi. Hau ere, hozkailuan gorde.
- Fruitu gorriak iragazi eta askatutako zukuarekin jogurta estali.
- Zerbitzatzeko momentuan, edalontzi, gopor baten oinarrian, ezti apur bat jarri, segidan jogurta eta azkenik, gainean gailetak eskuekin hautsi.
- Bukatzeko, menta hosto batekin apaindu.
Kasu!
Denbora asko eduki ezean jogurtaren nahasketak berak bakarrik ere balio dezake!
Gustuko lagungarri pila onartzen ditu errezeta honek. Garaiko edozein frutarekin jatea ere aukera bikaina da!
…
Akaso!
Maitane Segurolaren Fruitu gorri nahasiak bideo RZ:
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
Dilistak
Osagaiak:
- 0,4kg dilista
- Egosteko txorizo bat (barazkijalea edo beganoa bazara ez, prefosta!)
- 2 patata
- Azenario bat
- Oliba olio bi koilarakada
- Gatz koilarakada txiki bat
Errezeta:
- Patata eta azenarioak garbitu: patata lauki txikitan moztu, azenarioa berriz xerra finetan.
- Txorizoa 4-5 zatitan ebaki.
- Lapiko batean olioa berotzen jarri, eta bertan txorizo zatiak landu 3-4 minutuz.
- Guztia ondo landu denean, patata eta azenario zatiak bertara gehitu eta dena elkarrekin nahastu.
- Dilistak eta gatza gehitu eta urarekin bete lapikoa, guztia urez estal dadin.
- Egosten eduki, ordu eta laurden inguru lapikoan egiten baditugu. Presio-eltzean 20 minututan egiten dira.
- Amaitzean gatza puntuan jarri eta gozatzeko prest ditugu, ez baditugu egun berean jango, hozten direnean hozgailuan gorde.
Kasu!
Errezeta merkea da eta ikasketa egun gogorretarako praktikoa.
Egun batetik bestera ederki mantentzen den errezeta da, ikasketa egunetan osasuntsu elikatzen jarraitzeko.
Dilistak
Etxeko torrada edo torrijak
Etxeko torrada edo torrijak –
Soberan pilatzen diren ogiekin egiteko postre bikaina.
Osagaiak:
- Etxean soberan dagoen ogi zaharra, 2-3 hatzen lodierako zatitan moztua
- Litro bat esne
- 0,1kg azukre
- Bainila adar bat edo kanela hautsa koilarakada txiki bat
- Limoi bat
- Laranja bat
- 2 arrautza
- Oliba olioa 3 koilarakada
Errezeta:
- Ogi gogor zatiak ontzi batean jarri.
- Lapiko batean esnea, azukrea, bainila adarra eta limoi zein naranjaren azalak egosten jarri. Guztia irakiten hasten den bitarte.
- Ogiari gainetik lapikoko guztia gehitu eta bertan utzi 2-3 orduz. (Esnearekin ez baditugu guztiz estaletzen, ordubete igaro eta gero buelta eman ogi zatiei. Beharrezkoa da ogiak esne guztia ondo xurgatzea.)
- Plater batean arrautzak irabiatu.
- Zartagi altu bat berotzen jarri oliba olioarekin, ondo berotu behar da olioa.
- Ogi zatiak banaka arrautza irabiatutan igarotzen joan eta ondoren zartagian frijitu.
- Zartagian hurraren kolorea hartzen duen bitarte mantendu alde bakoitzetik.
- Frijitu eta gero soberan duen olioa kendu sukalde paper baten gainean eta azukrez estali gainetik.
Kasu!
Errezeta hau ogi zahar zein berriarekin egin daiteke, amaitzean izozki edo saltsez lagunduta jaten da normalean.
OGIAk panes: Baguettea Baguette Barra luzea Barra grande Barra txikia Barra pequeña Baserriko ogia Pan de leña Erromatar txikia Romanito Flauta Flauta Fruitu lehorrezko ogia Pan de frutos secos Moldeko ogi integrala Pan de molde integral Moldeko ogi zerealduna Pan de molde de cereales Moldeko ogia Pan de molde Ogi birrindua Pan rallado Ogi espainola Pan español Ogi gatzgabea Pan sin sal Ogi integral haziduna Pan integral de semillas Ogi sesamoduna Pan de sésamo Ogi sojaduna Pan de soja Ogi txigortua Pan tostado Ogi-barra zerealduna Pan de cereales barra Ogi-irin integrala Harina de trigo integral Ogi-irina Harina de trigo Opilak Bollos Vienako ogia Pan de Viena Zekale-ogia Pan de centeno Zopakoa Pan de sopa Txapata Chapata
…
Akaso!
Maitane Segurolaren TORRADAK bideo RZ:
Etxeko torrada edo torrijak
Pasta entsalada
Pasta entsalada
Osagaiak:
- 0,3kg pasta
- kontserbako atuna pote bat (beganoa bazara ez, jakina)
- piper berde bat
- piper gorri bat
- entsaldarako tomate bat
- 16 oliba inguru
- kontserbako arto pote bat
- 0,1 kg gazta
- Oliba olioa bi koilarakada
- Gatza
- Mahats pasak bi koilarakada
- 10 intxaur
- Ozpin koilarkada bat
Errezeta:
- Lapikoan 1,5l ur irakiten jarri.
- Piperrak garbitu eta zati txikitan moztu.
- Tomateari azala kendu eta zati txikitan moztu. (Azala erraz kentzeko, tomateari gurutze bat egin azalean labanarekin eta ur irekinetan murgildu minutu batez.)
- Artoari duen zuku guztia kendu.
- Gazta lauki txikitan zatitu
- Lapikoan irakiten dagoen urari gatza eta olio koilarakada bat bota.
- Pasta lapikoan sartu eta 8-10minutuz irakin.
- Pastari ur beroa kendu eta ur hotzetan egosketa eten.
- Azkenik ontzi batean pasta, barazki txikituak, atuna, gazta, intxaurrak eta pasta ondo nahastu.
- Hozkailuan gorde
- Ongarria egiteko, ontzi txiki batean ozpin koilarakada bat, mahats pasak, oliba olio 2-3 koilarakada eta gatz apur bat nahastu.
- Jateko unean entsalada ongarriarekin nahastu.
Kasu!
Errezeta freskoa da, hozkailuan mantendu beharrekoa, baina guztiz erabilgarria kanpoan bazkaltzen duzunerako.
Osagaien neurriak norberaren arabera egokitu daitezke inongo arazorik gabe.
…
Akaso!
Pasta entsalada
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin.
Plater hau “etxean ezer ez dagoen” egun horietan egitekoa da, batez ere. Ulertzen diguzu, ez da?
Osagaiak:
- Zortzi patata ertain (bina lagun bakoitzeko)
- Lau arrautza (bana lagun bakoitzeko)
- Antxoila poto bat, antxoilak erditik moztuta
- Pare bat tipulina edo tipula fresko handi bat, zerrenda finetan moztuta (juliana)
- Maionesa basokada bat (edo, ez baduzu egin nahi, edo hozkailuan ez badago, edo beganoa bazara, ozpinolioa)
- Gatza
Errezeta:
- Patatak ordu erdi batez egosten jarri. Zuritu gabe egitea komeni da, zarta ez daitezen, baina bizimodua erraztuko dizugu hatz puntak erre ez ditzazun gero zuritzerakoan: zurituta jarri, baina eginda daudenean, ur guztia kendu eltzetik eta minutu batean utzi eltzean bertan egiten urik gabe. Patatak bere baitara bilduko dira, ura galduz.
- Arrautzak ere egosi patatekin azken zazpi minutuetan, gehiegi ere egos ez dadin
- Maionesa bat egin edo, gogorik ez baduzu, hozkailukoa hartu, baina beti hobea zeuk egindakoa. Eta ez bazaizu maionesa gustatzen edo beganoa bazara, oilozpina egin (ozpineko bat, olioko bost) eta, baldin baduzu, Dijongo ziape koilarakadatxo bat ere nahastu.
- Azpil edo ontzi eder batean, patatak zatituta jarri, baratxuri ale baten tamainan edo, arrautza ere zabarki ebakita jarri gainean eta antxoilak olio eta guzti nahasi guztiari, baina patata apurtu gabe. (Begetarianoek antxoilarik gabe, jakina. Alkaparrak eta olibak jar daitezke ordetan ).
- Entsalada bat arinki olioztatzean bezala, egin gatza, ozpina eta olio parrastada bat eta dena nahasi. (Hartu kontutan, gero maionesa gehitu dakiokeela)
- Tipula gainetik egin edo ondoan jarrita zerbitzatu, agian baten batek ez du eta haren gordintasuna maiteko. Guk bai, arraioa!
- Maionesa ere alboan jarrita zerbitzatu, norberak bere tamainan gehi diezaion.
Kasu!
Errezeta honen sekretua epel jatea da, nahiz eta hotz ere bikaina den.
…
Akaso!
Entsalada epela
Perretxiko rissotoa
Osagaiak:
- 4 eskukada arroz
- 4 onddo haundi edo lau eskutada perretxiko (ziza, gibelurdin, negrilla, barrengorri…)
- 3 tipulina
- 2 baratxuri atal
- piper berde ale erdi
- haragi edo barazki salda, (besterik ez baduzu, pastillarekin egindakoa)
- baso erdi ardo txuri
- parmesano gazta, hauts edo xaflatan
- goilarakada bat gurin
- 5 goilarakada oliba olio
- gatza
- piper beltz hautsa
Errezeta:
- Perretxikoak sukaldeko paper heze baten laguntzaz ongi garbitu.
- Perretxiko/onddoaren txapela eta oina laban baten laguntzaz banatu.
- Barazkiak; tipulina, baratxuria, onddo oina eta piper berdea zati txikitan egin.
- Txapela gainontzeko barazkiak baino zati handiagotan egin. Eskuarekin apurtuta, hobe.
- Zartagin edo padera batean, 4-5 koilarakada oliba olio ipini eta onddo txapelak izan ezik, gainerako barazkiak gorritzen jarri su ertainetan.
- Barazkiak ongi gorritutakoan arroza eta onddo txapel zatiak gehitu eta ongi eragin su bizitan pare bat minututan.
- Ardo txuri edalontzi erdia gehitu eta 2-3 minutura salda.
- Salda gehitu eta su bizitan egosi lehen 3-4 minututan goilara baten laguntzaz aldiren batean eraginez eta paderan arroza ongi sakabanatuz.
- Su ertainera jeitsi eta gatzpipertu nahieran.
- Beste 10 minutuz egosi eta arrozaren puntua apurtxo bat gogor dagoela, gurin goilarakada eta parmesano gazta eskukada bat gehitu.
- Sutatik kanpo, goilararekin eragin krematsu geratu arte.
Kasu!
Ahal baduzu, txorroteko ur berotan edo, platera berotu eta lehortu risotoa zerbitzatu aurretik. Zerbitzatzerakoan, risoto geruza fin bat egin eta gainean parmesano gazta eta oliba olio gordin tanta batzuez lagundu.
Bomba eta carnarolli motako arrozak dira rissotoa egiteko merkatuan topa daitezkeen aproposenak. Egoste puntu aproposa 15 minuturen inguruan dutelarik.
Perretxiko rissotoa
Maionesa
Maionesa –
Ez izan alferra eta ekin: zeuk egindakoa beti izango duzu hobea dendan erositakoa baino.
Osagaiak:
- Arrautza bat
- Baxoerdi ekilore olio (nahi baduzu olibolio parrastada bat ere egin, baina olibolio hutsarekin astunegia geratzen da)
- Goilarakada erdi ozpin
- Gatz ximiku bat
(Irabiagailua ere beharko duzu)
Errezeta:
- Jarri osagai guztiak ontzi luzexka batean (irabiagailuak ekartzen du berea)
- Irabiagailuaren besoa sartu ontzian beheraino eta eman indarrari
- Igo eta jaitsi hiruzpalau bidez, saltsa gorpuzten dela ikusi arte.
- Dastatu eta gatz/ozpin puntua zuzendu
Kasu!
Maionesa nahi beste gauza gehituta egin dezakezu: baratxuri ale bat, esne apur bat (arintzeko), perrexila, tipula… Guri geuri, soila gustatzen zaigu eta, ahal dela, sagardo-ozpinarekin.
Leundu nahi izanez gero, olio xuabeagoak erabili behar ditugu, eta oliba olioa eguzki-olioarekin nahasi ahal izango ditugu, esate baterako. Ozpinaren ordez limoia erabili ahal izango dugu, edo biak batera bideratu.
…
Akaso!
Badaezpada bideo bat ere atxikita…
Maionesa .
Oreo gaztapasteltxoak
Oreo gaztapasteltxoak –
Gozozalea bazara, hara hemen pasteltxo erraz bezain interesgarria. Hori bai, hau egin ahal izateko Oreo markako gailetak osorik beharko dituzu, jan dituzun horiek ez baitute balio, kar, kar. On egin! 🙂 Hemen duzu errezetaren bideoa, eta gutxi bailitzan, azpian errezetarentzat behar dituzun argibideak ere bai:
…
Osagaiak eta errezeta:
- Bi katilutxo gazta fresko jarri gopor edo ontzi borobil batean
- Katilutxo bat krema mikatz gehitu
- Azukrea katilutxo bat
- Bainila likidoa goilarakada bat
- Dena irabiatu
- Bi arrautza osorik gehitu
- Irabiatu berriro orea lortu arte
- Madalenak egiteko ontzi batean, jarri madalena-paperak eta zulo bakoitzeko Oreo bana, hondoan
- Gehitu lortu duzun orea eta gainetik egin eskuz apurtutako Oreoa zatitxoak
- 125 gradutara dagoen labean, 22 minutu sartu
- Hozten utzi, hiru bat ordutan
Basquiat. Oreo. 1988. Olioa mihisean
. . .
Kasu!
Bai, badakigu guztiz yankia atera zaigula pasteltxoa, baina egizu proba eta ez zara damutuko. Areago, Jean Michel Basquiaten espiritua etorriko zaizu bisitan ahokada bakoitzean.
…
Akaso!
Oreo gaztapasteltxoak
Almibarra
Almibarra saltsa gozo oinarrizko oso erabilia da gozogintzan eta geuk nahi bezalako lodiera emanen diogu, ia-ia ur izatetik, lika edo pegamendu moduko bat izateraino. Honen bitartez busti ahal izango ditugu, adibidez, bizkotxo-xafla batzuk, haietaz egingo den tarta mamitsuago egon dadin, baina zerbaiti gain azukrezko kraskatsu bat egin nahi bazaio ere, loditxoa egin eta gainean eman: lehortutakoan azukrea agerikoa da.
Osagaiak:
- 1/2 kg azukre
- Litro bat ur
- Xorta bat limoi zuku
Errezeta:
- Ura eta azukrea nahasi eta su eztian jarriko dugu eltzea egosten.
- Irakiten hasi orduko erantsiko dugu limoi zukua eta aterako dugu eltzea sutatik.
- Hau da unea almibarrari lurrin kutsuren bat emateko, hala nahi bada. Beraz, sutatik atera eta hozten utziko dugun unean erantsiko dugu likoreren bat, armagnaca, moskatela, whiskia, patxarana, kafe esentzia edo kafe disolbagarria, bainila-erauzkina, eta abar.
- Horrela jokatuko dugu, irakinak hautaturiko lurrina galaraz ez dezan.
Kasu!
Limoi zukuari esker ez du irakindako azukreak pikorrik eragingo. Esan bezala, sutatik ateratakoan, edozein gai lurrintsu edo espezia erantsi ahal izango dugu: azafraia, te-poltsatxoak, kanela-adaxka, limoi edo laranja azala, eta abar.
Almibarra
Akaso!
Dilista egosiak
Dilista edo lenteja/lentillea dugu lekale erabilienetakoa gurean. Merkea da, osasunarentzat bikaina eta jateko erraza. Prestaerak ere ez du zailtasunik baina, kasu, urik gabe geratu, erre eta eltzearen hondoan itsasten badira dilistak, alferrik ibilko zara Arantzazuko edo Unbeko amabirjinari errezatzen: horrek ez dauka bueltarik. Onena guztia komunetik behera bota eta berriro hastea duzu. Horregatik, bi errezeta emango dizugu gauza berdintsua egiteko, lehenengo sinple eta arruntena eta, ondoren, sofistikatuago bat. Biak ala biak primerakoak.
Dilista egosi errazak
Osagaiak:
- Dilistak 600 gr.
- Tipula edo porru bat osorik
- Azenario bat edo bi osorik
- Olibaolio txorrotada bat olio
- Ura
- Gatza
Errezeta:
- Lapiko espres batean jarriko ditugu dilistak eta gainerako osagai guzti-guztiak. (Guri txikiak, pardina motakoak gustatzen zaizkigu, ez baita beratzen ibili behar eta fin-finak ateratzen dira, gainera.)
- Dilistak halako bi ur jarri. Lapikoa itxi eta presioa hartzen duenetik, hogeiren bat minutu utzi egiten, eta denbora hori iragandakoan utzi bertan presioa joan arte. (Pazientziarik ez baduzu, jarri ur hotzaren txorrotean).
- Dilistak dastatu eta puntuan dauden erabaki. Gerta daiteke ur gehiegi ukaitea, kendu. Gerta daiteke egin gabe egotea, eman irakinaldi bat. dastatu eta erabaki gatz-puntu ona duten.
Kasu!
Izenburu zatarra jarri diogula eta, baliteke mezprezuz begiratzea prestaketa honi. Ez zaitez tronpa: plater bikaina da, zinez.
Dilista egosi mokofinak
Osagaiak:
- 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
- Tipulin bat, pikatua
- Porru baten zuria, pikatua
- Azenario bat, pikatua
- 2 koilarakada tomate saltsa
- Ximiko bat piperrauts gozo
- 600 g dilista
- Ura
- Gatza
- Baratxuri ale bat, xerratan moztua
Errezeta:
- Barazkiak prestatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsi eta 5 minutuan edukiko dugu guztia, su eztiaren beroan nahasirik, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pikor batzuk eman eta gero, tomate saltsa eta piperrautsa erantsiko ditugu.
- Dilistak sartuko ditugu orduan. Su horretan edukiko dugu guztia beste 2 minutuan eta ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatzeko neurria gainetik. Gatz pixka bat berriro eman eta su eztian utziko dugu egosten guztia 50 minutuan.
- Epe hori igaroxe dugularik, baratxuri-olio errea prestatuko dugu. Horretarako, padera bat su biziaren gainean jarri eta erabili gabe gelditu zaigun olioa (2 koilarakada) isuriko dugu hartan. Olioa oso bero dagoela sumatu orduko botako ditugu baratxuri-xerrak. Berehala gorrituko zaizkigu eta, erretzen utzi aurretik, dilisten gainean “su gainean egongo dira oraindik dilistak“ irauliko dugu baratxuri-olioa.
- Egosten utziko dugu guztia minutu batzuetan. Xamur eta gatzez ongi daudela frogatu eta sutatik aterako ditugu dilistak. Jateko moduan egongo dira orduan.
Kasu!
Urdakia erantsi nahi izanez gero, beste eltze batean jarriko ditugu txorizo hezea, odolkiak, txerri saiheskiak edo geure gustuko beste txerrikiren bat eta, puskak egin eta gero, dilistei erantsiko dizkiegu sutatik atera baino 5 minutu lehenago.
Dilista egosiak
Arrautza frijituak
Arrautza frijituak –
Baten batek “besterik ez bada, arrautza frijituk egongo dira” mezprezuz bezala esaten duen bakoitzean, zeru eta infernuetako arima noble guztiak jartzen dira dantzan. Zer dela eta gutxiespen hori? Txanpon txiki bat eskatutakoan, “ez daukat txanponik, baina urre pipita pare bat emango dizut ordainetan, besterik ez bada” esatearen antzekoa da. Zein jaki ezagutzen duzu arrautza frijitu parea baino gustagarriagorik?
Osagaiak:
- Arrautza bat (normalean, bina egiten dira)
- Oliba olioa bi koilarakada
- Gatza
Errezeta:
- Olioa berotzen jarri zartagiean.
- Arrautza bertara puskatu. Lehen aldia bada edo zailtasunak badituzu, ontzi batean puskatu dezakezu arrautza oliotara bota baino lehen.
- Gatza gehitu arrautzari eta koilara baten laguntzaz olio beroa gainetik bota, guztia frijitzen joan dadin.
- Norberaren gustuaren arabera egiten dira, eginago ala gordinago.
- Platerera atera eta prest gozatzeko.
Kasu!
Arrautza ukitu aurretik, olio beroan bustiko dugu bitsadera, arrautza frijitua ganoraz atera ahal izateko. Lagungarri gisa, nahi bezalako gaiak bidera ditzakegu: piperrak, patatak, hirugihar frijitua, txorizoa, txistorra.
…
Akaso!
Arrautzarekin txorizo edo hartara salttxitxak ere primeran daude badakizu… Intzak hik! akonpañamendu umoretsu gisan akaso…