Leka patatak

52%

Zenbatentzat

4 lagunentzat

Denbora

30 min

Gustuko duzu?

Osagaiak

    Leka patatak

    Baratza baldin badaukazu, honez gero badakizu gurean oso emankorra izaten dela leka edo baina. Ia aspertzeraino jarduten du eman eta eman sare, makila edo pardatan gora eginez. Esan liteke gurean gehientxo jaten den barazkia dela porruekin batera. Bai, badakigu berez ez dela barazkia, lekaria dela, baina egia esatera, guk barazki bezala ikusten dugu gehiago, bere lehengusu babarrun eta antzekoen artean baino. Hala ere, lekaleen artean sartu dugu, badaezpada, Jakoba Errekondo haserretuko zaigun beldurrez.

     

    Osagaiak:

    • Kilo bat leka
    • Lau patata eder
    • Tipula bat (hautazkoa)
    • Oliba olioa
    • Berakatza

    Errezeta:

    1. Lekak garbitu eta zerrendatan zatitu erditik goitik behera lanbanarekin, ertzetako hariak eta bi muturrak kenduz. Luzeegiak badira, krak! erdibitu eskuekin.
    2. Jarri eltze batean ur hotzarekin egosten, olio xorrotada bat eta gatza eginez.
    3. Tipula ere, osorik, jarriko duzu bertan. (Hautazkoa).
    4. Ura borborka hasten denetik ordu laurdenera edo, gehitu patatak zuritu eta zatitan kraskatuta.
    5. Utzi beste 20-25 minutu borborka, sardexka sartuta patatak eginda daudela ikusi arte.
    6. Egoste ura iragazi eta gorde zopa edo salda bat egiteko.
    7. Zartagin txiki batean, jarri olio apur bat eta beroa denean, bota bi berakatz ale xerraturik. Hurraren kolorea hartzen hasitakoan, parrastatu olio beroa leka-pataten gainetik.

     

    Leka patatak

    LEKAK Herbolario Allium cc-by

    Kasu!

    Nahi izatera, urdaiazpiko zaporearekin ere egin ditzakezu: zartagin batean jarri olioa eta gorritu bertan urdaiazpiko dado zenbait. Txigortu direnean, bota gainera baratxuri xerrak gorritu arte. Bota dena leka eta patata egosi berrien gainera, nahasi ongi eta mahaira. (Gustuko baduzu, paprika edo pimentoia ere gehi zeniezaioke). Eta ez ahantzi salda horrekin fideo edo arroz zopa bikain bat egin daitekeela. Esaterako. (Ez esan inori, baina zaporea handitzeko, guk pastilla kontzentratu erdi bat gehitzen diogu).

    Leka patatak
    gogokoa

    Elkarbanatu & Inprimatu

    51.612903225806 0 100 31

    Iruzkinik ez

      Bidali iruzkin bat