Blog Artxiboa

Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin

Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin.

Plater hau “etxean ezer ez dagoen” egun horietan egitekoa da, batez ere. Ulertzen diguzu, ez da?

Osagaiak:

  • Zortzi patata ertain (bina lagun bakoitzeko)
  • Lau arrautza (bana lagun bakoitzeko)
  • Antxoila poto bat, antxoilak erditik moztuta
  • Pare bat tipulina edo tipula fresko handi bat, zerrenda finetan moztuta (juliana)
  • Maionesa basokada bat (edo, ez baduzu egin nahi, edo hozkailuan ez badago, edo beganoa bazara, ozpinolioa)
  • Gatza

 

 

Errezeta:

  1. Patatak ordu erdi batez egosten jarri. Zuritu gabe egitea komeni da, zarta ez daitezen, baina bizimodua erraztuko dizugu hatz puntak erre ez ditzazun gero zuritzerakoan: zurituta jarri, baina eginda daudenean, ur guztia kendu eltzetik eta minutu batean utzi eltzean bertan egiten urik gabe. Patatak bere baitara bilduko dira, ura galduz.
  2. Arrautzak ere egosi patatekin azken zazpi minutuetan, gehiegi ere egos ez dadin
  3. Maionesa bat egin edo, gogorik ez baduzu, hozkailukoa hartu, baina beti hobea zeuk egindakoa. Eta ez bazaizu maionesa gustatzen edo beganoa bazara, oilozpina egin (ozpineko bat, olioko bost) eta,  baldin baduzu, Dijongo ziape koilarakadatxo bat ere nahastu.
  4. Azpil edo ontzi eder batean, patatak zatituta jarri, baratxuri ale baten tamainan edo, arrautza ere zabarki ebakita jarri gainean eta antxoilak olio eta guzti nahasi guztiari, baina patata apurtu gabe. (Begetarianoek antxoilarik gabe, jakina. Alkaparrak eta olibak jar daitezke ordetan ).
  5. Entsalada bat arinki olioztatzean bezala, egin gatza, ozpina eta olio parrastada bat eta dena nahasi. (Hartu kontutan, gero maionesa gehitu dakiokeela)
  6. Tipula gainetik egin edo ondoan jarrita zerbitzatu, agian baten batek ez du eta haren gordintasuna maiteko. Guk bai, arraioa!
  7. Maionesa ere alboan jarrita zerbitzatu, norberak bere tamainan gehi diezaion.
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin

PATATA ENTSALADA Xolomo Sapiens

Kasu!

Errezeta honen sekretua epel jatea da, nahiz eta hotz ere bikaina den.

Akaso!

Entsalada epela
gogokoa

Patatak saltsa berdetan

Patatak saltsa berdetan – 

Gora patata arabarra!!! 🙂

 

Osagaiak:

  • kilo bat patata
  • koilarakada bat irin
  • ardo txuri kopa bat
  • 4 baratxuri ale
  • perrexil freskoa
  • arrain salda (edo daukazuna)
  • oliba olioa
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Patatak zuritu eta panadera eran moztu, hots, cm. erdiko xaflatan. (Adi: ez beti guri kasu egin, argazkikoak osorik utzita daude).
  2. Perrexil freskoa aiztoarekin pikatu edo moztu
  3. Baratxuriak xaflatan moztu
  4. Zartagin batean olio koilarakada bat berotzen jarri, bertan patatak frijitu bi aldeetatik. Kolorea bakarrik hartu behar dute, ez da garrantzitsua guztiz egitea gero saldan egosi beharko dira eta.
  5. Patatak egin ostean, eltze baxu batean bi koilarakada olio jarri.
  6. Olioa bero dagoenean baratxuria gehitu , kolorea hartzen duen bitarte
  7. Orduan irin koilarakada bat gehitu eta guztia elkar landu.
  8. Ardo txuri kopatxo bat gehitu eta alkoholaren usaina galtzen duenean arrain salda gehitu.
  9. Azkenik patata zatiak saldan sartu eta bertan egosten jarri.
  10. Sardexka baten laguntzaz patatak eginak daudela ziurtatu.
  11. Azkenik perrexil txikitua gehitu errezetari
Patatak saltsa berdetan

PATATAK SALTSA BERDETAN Jeremy Keith

Kasu!

  • Oso RZ merke eta erreza da, benetan.
  • Edozein haragi, arrain edo barazkiren laguntzaz dasta daiteke errezeta hau. Bera bakarrik ere bai.
  • Arrain salda beharrean oilasko edo veste era bateko saldarekin ere egin daiteke errezeta.

Patatak saltsa berdetan

gogokoa

Perretxiko rissotoa

Osagaiak:

  • 4 eskukada arroz
  • 4 onddo haundi edo lau eskutada perretxiko (ziza, gibelurdin, negrilla, barrengorri…)
  • 3 tipulina
  • 2  baratxuri atal
  • piper berde ale erdi
  • haragi edo barazki salda, (besterik ez baduzu, pastillarekin egindakoa)
  • baso erdi ardo txuri
  • parmesano gazta, hauts edo xaflatan
  • goilarakada bat gurin
  • 5 goilarakada oliba olio
  • gatza
  • piper beltz hautsa

Errezeta:

  1. Perretxikoak sukaldeko paper heze baten laguntzaz ongi garbitu.
  2. Perretxiko/onddoaren txapela eta oina laban baten laguntzaz banatu.
  3. Barazkiak; tipulina, baratxuria, onddo oina eta piper berdea zati txikitan egin.
  4. Txapela gainontzeko barazkiak baino zati handiagotan egin. Eskuarekin apurtuta, hobe.
  5. Zartagin edo padera batean, 4-5 koilarakada oliba olio ipini eta onddo txapelak izan ezik, gainerako barazkiak gorritzen jarri su ertainetan.
  6. Barazkiak ongi gorritutakoan arroza eta onddo txapel zatiak gehitu eta ongi eragin su bizitan pare bat minututan.
  7. Ardo txuri edalontzi erdia gehitu eta 2-3 minutura salda.
  8. Salda gehitu eta su bizitan egosi lehen 3-4 minututan goilara baten laguntzaz aldiren batean eraginez eta paderan arroza ongi sakabanatuz.
  9. Su ertainera jeitsi eta gatzpipertu nahieran.
  10. Beste 10 minutuz egosi eta arrozaren puntua apurtxo bat gogor dagoela, gurin goilarakada eta parmesano gazta eskukada bat gehitu.
  11. Sutatik kanpo, goilararekin eragin krematsu geratu arte.

 

Perretxiko rissotoa

PERRETXIKO RISSOTOA Joselu Blanco

Kasu!

Ahal baduzu, txorroteko ur berotan edo, platera berotu eta lehortu risotoa zerbitzatu aurretik. Zerbitzatzerakoan, risoto geruza fin bat egin eta gainean parmesano gazta eta oliba olio gordin tanta batzuez lagundu.

Bomba eta carnarolli motako arrozak dira rissotoa egiteko merkatuan topa daitezkeen aproposenak. Egoste puntu aproposa 15 minuturen inguruan dutelarik.

Perretxiko rissotoa
gogokoa

Oilasko bularra

Oilasko bularra – 

Osagaiak:

  • 8 oilasko bularki
  • ogi birrindua
  • kurri hautsa
  • piper hautsa
  • gatza
  • oliba olioa
Oilasko bularra

OILASKO BULARRA Candy Beauchamp

Errezeta:

  1. Oilasko bularkiak xerratuta egotea beharrezkoa da, osorik badaude labanaren laguntzaz behar adina xerretan moztu. Egokiena harakinari xerretan eskatzea
  2. Oilasko bularkiari gazta, piper eta kurri hautsak bota. Bakoitzaren gustuaren arabera
  3. Plater batean ogi birrindua jarri. Era desberdinetakoa izan daiteke, lodia, fina, perrexilduna, etxean egina (ogi zaharra birrinduz)
  4. Zartaginean koilarakada bat olio jarri berotzen
  5. Xerrak banaka ogi xigortutik pasatu
  6. Olioa bero dagoenean bertan xerrak frijitu, alde batetik kolorea hartzen duenean buelta emanez
  7. Plateran jarri baino lehen, paper xukatzailean jarri soberan dagoen olioa kentzeko

Kasu!

Egun batetik bestera ongi mantentzen den errezeta da, beraz oso praktikoa ogitartekoan edo lan egun luzeetan izateko.

Ogi xigortuak olioa zikintzen du, beraz, xerra asko egiteko gomendagarria da olioa aldatzea.

Akaso!

100 oilasko izter eta hego RZ nola egin… Village food factory. Chicken, 100 Legs, 100 Wings, prepared by my DADDY…

Sexuan hobeto aritzen lagunduko dizuten jakiak

Oilasko bularra
gogokoa

Maionesa

Maionesa – 

Ez izan alferra eta ekin: zeuk egindakoa beti izango duzu hobea dendan erositakoa baino.

Osagaiak:

  • Arrautza bat
  • Baxoerdi ekilore olio (nahi baduzu olibolio parrastada bat ere egin, baina olibolio hutsarekin astunegia geratzen da)
  • Goilarakada erdi ozpin
  • Gatz ximiku bat

(Irabiagailua ere beharko duzu)

 

Errezeta:

  1. Jarri osagai guztiak ontzi luzexka batean (irabiagailuak ekartzen du berea)
  2. Irabiagailuaren besoa sartu ontzian beheraino eta eman indarrari
  3. Igo eta jaitsi hiruzpalau bidez, saltsa gorpuzten dela ikusi arte.
  4. Dastatu eta gatz/ozpin puntua zuzendu

 

Maionesa

Xolomo Sapiens

Kasu!

Maionesa nahi beste gauza gehituta egin dezakezu: baratxuri ale bat, esne apur bat (arintzeko), perrexila, tipula… Guri geuri, soila gustatzen zaigu eta, ahal dela, sagardo-ozpinarekin.

Leundu nahi izanez gero, olio xuabeagoak erabili behar ditugu, eta oliba olioa eguzki-olioarekin nahasi ahal izango ditugu, esate baterako. Ozpinaren ordez limoia erabili ahal izango dugu, edo biak batera bideratu.

Akaso!

Badaezpada bideo bat ere atxikita…

Maionesa .
gogokoa

Espagetiak bolognesa eran

Espagetiak bolognesa eran

Osagaiak:

  • 400g espageti
  • 200g haragi xehetu
  • azenario bat
  • tipula haundi bat
  • 4 atal baratxuri
  • apio zati bat
  • tomate saltsa litro bat
  • ardo txuria edalontzi bat
  • oliba olioa
  • piper hautsa
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Baratxuri hortzak, apioa, tipula eta azenarioak zuritu eta txiki txiki egin.
  2. Haragia gatz-pipertu nahieran.
  3. Zartagin batean haragia su bizitan gorritu oliba olio pitin baten laguntzaz.
  4. Haragia atera, suaren indarra jeitsi eta barazkiak gehitu.
  5. Barazkiak kolorea hartzen duten momentuan, haragia eta ardo txuri edalontzi bat gehitu.
  6. 5 minuturen ostean, ardoaren alkola lurrundutakoan, tomate saltsa gehitu eta su ertainean ordu erdiz egosi.
  7. 10 minuturen faltan, espagetiak egosi oliba olio txorrota eta gatz pitin bat gehituta.
  8. Hauek egosita dauden momentuan, urgabetu, saltsatan jarri eta zerbitzatu.
  9. Nahi izatera, mozzarela edo parmesano gaztaren laguntzaz dasta daitezke. Ukitu italiar batekin amaitzeko, oregano edo albahaka freskoa gehitzea besterik ez da falta.
Espagetiak bolognesa eran

ESPAGETIAK F_A

Kasu!

Saltsa zaporetsua eta indartsua lortzeko, debora luzez su ertainetan edukitzea ezinbestekoa da. Honela, ur gehiago galduko du eta zaporeak gehiago nabarmenduko dira platerean.

Akaso!

Clemenzaren meatball RZ “The Godfather”

Espagetiak bolognesa eran
gogokoa

Babarrunak

Babarrunak urtekoak izan beharrean, aurreko urtekoak badira, 20 minutuz uretan beratzen jartzea gomendatzen dugu.

 

Osagaiak:

  • Babarrun edo indaba kilo erdi
  • 2 litro ur
  • 2 koilarakada oliba olio
  • Gatza

Errezeta:

  1. Sukaldeko eltzean babarrunak ura eta oliba olioarekin jarri egosten
  2. Bor-bor bizian hasten denean sua jeitsi eta ertainean mantendu
  3. Babarrunak 3 orduz egon behar dira sutan gutxienez, errezeta azkartzeko presioko eltzean egin daiteke babarruna
  4. Saltsa loditu eta indabak eginik daudenean gatza gehitu. Hau amaieran egitea oso garrantzitsua da babarrun edo indabak zarta ez daitezen
  5. Aukeran olio errea (baratxuri errefritoa) gehitu daiteke, azken unean eltzera botata

 

BABARRUNAK Joselu Blanco

 

Kasu!

Babarrun edo indabak odolki, aza eta Ibarrako piperrekin lagundu daitezke. Beti ere babarruna bereizita egosi behar da eta gero ondoan nahi diren lagungarriak jarri.

Egin ostean izozgailuan gorde daitezke. Behar direnean berotu eta jateko prest egon daitezen.

(Esan beharrik ez dago, argazkiko txerrikiak ez direla begetario eta beganoentzat, ez da?)

Akaso!

Babarruna

gogokoa

Amamaren berakatz salda

Errezeta hau, munduko xinpleena, ez da lau lagunentzat, bakar batentzat baizik. Urdaila triste, ondoezik edo bihotzerreaz gaudenean hartuko dugu salda hau. Ajeak jota gaudenean, beraz. Ez du huts egingo.

Osagaiak:

  • 2 berakatz edo baratxuri ale
  • Gatza
  • Ura
  • Ogi puska bat
  • Zorrotada bat oliba olio birjina

 

Errezeta:

  1. Eltze txiki batean, ura jarriko dugu egosten, berakatz ale birekin.
  2. Irakiten utziko dugu, borbor handian, bost-zazpi minutuan.
  3. Sua itzali, gatza eman, zorrotada on bat olio isuri eta ahalik eta beroen hartuko dugu, mingaina erre gabe.

 

Amamaren berakatz salda

BERAKATZA Andrés Nieto Porras cc-by-=

Kasu!

Ogi zatiak erantsi ahal izango ditugu, zopa moduan jateko. Ohitura zaharra da salda hau hartzerakoan (nahi gabe) mingaina erretzea, baina tradizioa errespetatzeagatik ere egin dezakezu, hala nahi izatera.

Ez horregatik.

Amamaren berakatz salda
gogokoa

Oreo gaztapasteltxoak

Oreo gaztapasteltxoak – 

Gozozalea bazara, hara hemen pasteltxo erraz bezain interesgarria. Hori bai, hau egin ahal izateko Oreo markako gailetak osorik beharko dituzu, jan dituzun horiek ez baitute balio, kar, kar.  On egin! 🙂  Hemen duzu errezetaren bideoa,  eta gutxi bailitzan, azpian errezetarentzat behar dituzun argibideak ere bai:

Osagaiak eta errezeta:

  1. Bi katilutxo gazta fresko jarri gopor edo ontzi borobil batean
  2. Katilutxo bat krema mikatz gehitu
  3. Azukrea katilutxo bat
  4. Bainila likidoa goilarakada bat
  5. Dena irabiatu
  6. Bi arrautza osorik gehitu
  7. Irabiatu berriro orea lortu arte
  8. Madalenak egiteko ontzi batean, jarri madalena-paperak eta zulo bakoitzeko Oreo bana, hondoan
  9. Gehitu lortu duzun orea eta gainetik egin eskuz apurtutako Oreoa zatitxoak
  10. 125 gradutara dagoen labean, 22 minutu sartu
  11. Hozten utzi, hiru bat ordutan

Oreo gaztapasteltxoak

Basquiat. Oreo. 1988. Olioa mihisean

. . . 

Kasu!

Bai, badakigu guztiz yankia atera zaigula pasteltxoa, baina egizu proba eta ez zara damutuko. Areago, Jean Michel Basquiaten espiritua etorriko zaizu bisitan ahokada bakoitzean.

Akaso!

 

Oreo gaztapasteltxoak
gogokoa

Muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan – 

Inon plater on, merke, osasungarri eta errazik baldin bada, hauxe da bat. Erruz ikusikjo duzu Frantzia guztian eta, bereziki, itsasertzeko herrietan. Belgikan, ostera, plater nazionaltzat dute: patata frijituz lagunduta, jakina. Eta horrelaxe lortzen da guztiz osasungarria zen plater bat, ez hain bikain bihurtzea. Hori bai, moules et frites, janaldi eder bat egiteko aski eta, gainera, merkea.

Osagaiak:

  • Kilo t’erdi muskuilu, Guri txikietakoak gustatzen zaizkigu prestaketa hau egiteko eta, gainera lan gutxiago ematen dute bizarrak eta oskoleko lapatxoak kentzeko orduan.
  • Tipula gorri eder bat, txiki-txiki eginda
  • Barazkiren bat: apio adar bat, azenario bat… txiki txiki eginda hau ere (Aukerakoa)
  • Perrexila, zilantroa edo gustuko belarren bat. (Zabarki moztua. Aukerakoa)
  • Basokada bat ardo zuri. Txakolinak ere balio du.
  • Gurina 100gr
  • (Ez dizugu guk esan, baina min zalea bazara, gehitu cayenatxo bat ere. Hori bai, gatzik ez erabili muskuiluek aski dute eta).

Prestaera:

  1. Muskuiluak ondo garbitu txorrotean bizarrak eta abarrak kenduz. Utzi xukatzen ontzi batean
  2. Kazola batean, gurinetan jarri erregosten barazki txikituak, su ertainetan, tipula gardendu eta apurtxo bat gorritzen hasi arte. Bosten bat minutu.

    Muskuiluak saltsan

    Barazkiak gurinetan erregosten. Xolomo Sapiens cc-by

  3. Gehitu ardo basokada
  4. Ardoa irakiten hasitakoan, muskuiluak sartu bertara, sua igo eta kazola estali. Minutu batera, dena nahastu, horixe baita kontua: muskuiluetara saltsarekin batera barazki xehea sartea.
  5. Berriro estali eta beste pare bat minutu estalita utzi ostean, voilá.
  6. Zabarki moztutako belarra egin gainetik eta hatzekin jan. Nola, bestela?

muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan. Xolomo Sapiens cc-by

Kasu!

Muskuiluaren oskolarekin hartzen da saltsa eta bertan diren barazki txikituak ere bai. Kontraste hori da bikaina, muskuiluaren haragia alde batetik eta barazkien testura eta kutsua bestetik batera hartzea, dena saltsak bustita. Ummm.

Muskuilu txiki hauek, Bretainia aldetik ekarritakoak izaten dira, batez ere. Oso erraz aurkituko dituzu Iparraldeko arrandegietan. Ez badaude, bi gauzagatik izan daiteke: zu baino azkarrago ibili delako besteren bat edota garaia ez delako.

Muskuiluak saltsan

gogokoa

Leka patatak

Leka patatak

Baratza baldin badaukazu, honez gero badakizu gurean oso emankorra izaten dela leka edo baina. Ia aspertzeraino jarduten du eman eta eman sare, makila edo pardatan gora eginez. Esan liteke gurean gehientxo jaten den barazkia dela porruekin batera. Bai, badakigu berez ez dela barazkia, lekaria dela, baina egia esatera, guk barazki bezala ikusten dugu gehiago, bere lehengusu babarrun eta antzekoen artean baino. Hala ere, lekaleen artean sartu dugu, badaezpada, Jakoba Errekondo haserretuko zaigun beldurrez.

 

Osagaiak:

  • Kilo bat leka
  • Lau patata eder
  • Tipula bat (hautazkoa)
  • Oliba olioa
  • Berakatza

Errezeta:

  1. Lekak garbitu eta zerrendatan zatitu erditik goitik behera lanbanarekin, ertzetako hariak eta bi muturrak kenduz. Luzeegiak badira, krak! erdibitu eskuekin.
  2. Jarri eltze batean ur hotzarekin egosten, olio xorrotada bat eta gatza eginez.
  3. Tipula ere, osorik, jarriko duzu bertan. (Hautazkoa).
  4. Ura borborka hasten denetik ordu laurdenera edo, gehitu patatak zuritu eta zatitan kraskatuta.
  5. Utzi beste 20-25 minutu borborka, sardexka sartuta patatak eginda daudela ikusi arte.
  6. Egoste ura iragazi eta gorde zopa edo salda bat egiteko.
  7. Zartagin txiki batean, jarri olio apur bat eta beroa denean, bota bi berakatz ale xerraturik. Hurraren kolorea hartzen hasitakoan, parrastatu olio beroa leka-pataten gainetik.

 

Leka patatak

LEKAK Herbolario Allium cc-by

Kasu!

Nahi izatera, urdaiazpiko zaporearekin ere egin ditzakezu: zartagin batean jarri olioa eta gorritu bertan urdaiazpiko dado zenbait. Txigortu direnean, bota gainera baratxuri xerrak gorritu arte. Bota dena leka eta patata egosi berrien gainera, nahasi ongi eta mahaira. (Gustuko baduzu, paprika edo pimentoia ere gehi zeniezaioke). Eta ez ahantzi salda horrekin fideo edo arroz zopa bikain bat egin daitekeela. Esaterako. (Ez esan inori, baina zaporea handitzeko, guk pastilla kontzentratu erdi bat gehitzen diogu).

Leka patatak
gogokoa

Croque-monsieur (mixtoa)

Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amona eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?

Osagaiak:

  • Moldeko bi ogi xafla
  • Urdaiazpiko egosi xerra bat
  • Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
  • Gurin apur bat

 

Errezeta:

  1. Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
  2. Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
  3. Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
  4. Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
  5. Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.

 

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

Kasu!

Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu,  gehitu arrautza bat gainetik eta kito.

Croque monsieur mixtoa

gogokoa

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

Gaur egunean ez dago erraza errekako amuarrainak lortzea, baldin eta inguruan ez baduzu lizentziadun arrantzaleren bat. Beraz, hazitegikoekin konformatu behar. Hori bai, saia zaitez beti ahalik eta freskoenak lortzen, erraz ikusiko duzu haren muki lirdingatsuari erreparatuta. Halaxe behar du amuarrain freskoak: lirdingatsu eta diztirati.

Osagaiak:

  • 8 amuarrain ertain
  • Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra
  • Irina
  • Gatza
  • Oliba olioa, frijitzeko
  • 2 baratxuri ale

 

Errezeta:

  1. Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik.
  2. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan.
  3. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztian gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten.
  4. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azaletik igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera.
  5. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin.

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

 

Kasu!

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin plater goxo hau, xukatu eta berehala zerbitzatuko ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri euskaraz kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin
gogokoa

Arkumea labean erreta

Arkumea labean erreta – 

Ez beldurtu errezeta honek behar duen denborarekin. Gutxi edo asko, mundu guztiak daki arkumea labean erretzen, baina egin kasu errezeta honetako denbora eta tenperaturei eta ez zara damutuko: gurina bailitzan desegingo zaizu arkumea ahoan eta zapore guztia igoko zaizu aho-zapaian gora.

Arkume labean erreta

Osagaiak

  • Arkume bat (umerria edo bildotsa)
  • Gatz larria
  • 2 baso bete ur

 

Errezeta

Harakinari horrela eskatuko diogu arkumea: 5 kg ingurukoa, bitan zatitua luzeran eta, azkeneko saihetsetik aurrera, alde bakoitza berriro bitan zatitua, atzeko hanketatik bereizteko.

  1. Gatz larri ugariz hornitu eta gero, erretilu zabal batean ipiniko ditugu lau atalak, animaliaren kanpoaldea ahuspez edo beherantza.
  2. Baso bete urez garaztatu ondoren, labean sartuko ditugu puskak eta hantxe edukiko ditugu ordua eta hiru laurdenetan, 160º-ko tenperaturan.
  3. Epe horren ostean, puskak irauli eta berriro garaztatuko dugu guztia, gainerako urarekin. Beste hiru ordu laurdenetan edukiko dugu guztia labean, 200º-ko tenperaturan oraingoan, puskak gorritu eta kraskatsu gera daitezen.
  4. Erretiluak heze behar du beti, ez du lehortu behar; adi egon beharko dugu, beraz, eta ura erantsiko dugu arkume errea egarri sumatu orduko.

 

Arkumea labean erreta

ARKUME ERREA Joselu Blanco cc

 

Kasu!
Puskak erreta eta beren zukuarekin zerbitzatuko ditugu, entsalada berdea eta ardo beltz on bat ondoan dituztela.

Esan beharrik ez dago lau lagunentzat nahi baduzu, arkume erdiarekin aski duzula eta doitu egin beharko dituzula labeko denborak.

Akaso!

Urrutiko amama eta aitonaren RZk…

Arkumea labean erreta
gogokoa

Berakatza ahora etor ez dakigun

Berakatza edo baratxuria ahora etor ez dakigun, hoberena da zuritu, zatitu eta haren barruan dagoen ernamuina kentzea, oso pisua baita janez gero. Ernamuin hori berdekara kolorekoa izaten da. Gainera, lizun kontutan ibiltzeko asmoz bazaude,  bikotekideak eskertuko dizu.

Beharrezkoa:

  • Baratxuriak
  • Labana

 

Nola jokatu:

Baratxuria bitan zatituko dugu, luzeran, eta labana baten muturraz bereiziko dugu bi ale erdietan azalduko zaigun ernamuina.

Berakatza edo baratxuria

BARATXURIA Andrés Nieto Porras cc-by-=

Kasu!

Pikatu, xehatu, xerratu, xaflatu egingo dugu ondoren baratxuria, jakiak eskatu bezala. Garrantzitsua da, halaber, baratxuria olio beroan eztitzea, gorritzea edo potxatzea, erdi gordinik ez jateko: urdailean min egingo digu bestela.

Baratxurien olioa prestatu behar badugu, olioa epel dagoela has gaitezen prestatzen, baratxuriaren barrua ongi egin dadin. Arian-arian biziagotuko dugu sua, baratxuria eztitu bitartean, ongi gorritu arte. Gustu hobeagoa du eta gure urdailak ere eskertuko digu. Ez da komeni baratxuri-olioa su bizian prestatzea.

gogokoa

Almibarra

Almibarra saltsa gozo oinarrizko oso erabilia da gozogintzan eta geuk nahi bezalako lodiera emanen diogu, ia-ia ur izatetik, lika edo pegamendu moduko bat izateraino. Honen bitartez busti ahal izango ditugu, adibidez, bizkotxo-xafla batzuk, haietaz egingo den tarta mamitsuago egon dadin, baina zerbaiti gain azukrezko kraskatsu bat egin nahi bazaio ere, loditxoa egin eta gainean eman: lehortutakoan azukrea agerikoa da.

Osagaiak:

  • 1/2 kg azukre
  • Litro bat ur
  • Xorta bat limoi zuku

Errezeta:

  1. Ura eta azukrea nahasi eta su eztian jarriko dugu eltzea egosten.
  2. Irakiten hasi orduko erantsiko dugu limoi zukua eta aterako dugu eltzea sutatik.
  3. Hau da unea almibarrari lurrin kutsuren bat emateko, hala nahi bada. Beraz, sutatik atera eta hozten utziko dugun unean erantsiko dugu likoreren bat, armagnaca, moskatela, whiskia, patxarana, kafe esentzia edo kafe disolbagarria, bainila-erauzkina, eta abar.
  4. Horrela jokatuko dugu, irakinak hautaturiko lurrina galaraz ez dezan.
AZUKREA - Almibarra

AZUKREA Melissa Wiese cc-by

Kasu!

Limoi zukuari esker ez du irakindako azukreak pikorrik eragingo. Esan bezala, sutatik ateratakoan, edozein gai lurrintsu edo espezia erantsi ahal izango dugu: azafraia, te-poltsatxoak, kanela-adaxka, limoi edo laranja azala, eta abar.

Almibarra

Akaso!

Azukrea

gogokoa

Dilista egosiak

Dilista edo lenteja/lentillea dugu lekale erabilienetakoa gurean. Merkea da, osasunarentzat bikaina eta jateko erraza. Prestaerak ere ez du zailtasunik baina, kasu, urik gabe geratu, erre eta eltzearen hondoan itsasten badira dilistak, alferrik ibilko zara Arantzazuko edo Unbeko amabirjinari errezatzen: horrek ez dauka bueltarik. Onena guztia komunetik behera bota eta berriro hastea duzu. Horregatik, bi errezeta emango dizugu gauza berdintsua egiteko, lehenengo sinple eta arruntena eta, ondoren, sofistikatuago bat. Biak ala biak primerakoak.

Dilista egosiak

DILISTAK Jaime cc-by

Dilista egosi errazak

Osagaiak:

  • Dilistak 600 gr.
  • Tipula edo porru bat osorik
  • Azenario bat edo bi osorik
  • Olibaolio txorrotada bat olio
  • Ura
  • Gatza

 

Errezeta:

  1. Lapiko espres batean jarriko ditugu dilistak eta gainerako osagai guzti-guztiak. (Guri txikiak, pardina motakoak gustatzen zaizkigu, ez baita beratzen ibili behar eta fin-finak ateratzen dira, gainera.)
  2. Dilistak halako bi ur jarri. Lapikoa itxi eta presioa hartzen duenetik, hogeiren bat minutu utzi egiten, eta denbora hori iragandakoan utzi bertan presioa joan arte. (Pazientziarik ez baduzu, jarri ur hotzaren txorrotean).
  3. Dilistak dastatu eta puntuan dauden erabaki. Gerta daiteke ur gehiegi ukaitea, kendu. Gerta daiteke egin gabe egotea, eman irakinaldi bat. dastatu eta erabaki gatz-puntu ona duten.

Kasu!

Izenburu zatarra jarri diogula eta, baliteke mezprezuz begiratzea prestaketa honi. Ez zaitez tronpa: plater bikaina da, zinez.

Dilista egosiak

DILISTAK Javier Leiva

Dilista egosi mokofinak

Osagaiak:

  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • 2 koilarakada tomate saltsa
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • 600 g dilista
  • Ura
  • Gatza
  • Baratxuri ale bat, xerratan moztua

 

Errezeta:

  1. Barazkiak prestatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsi eta 5 minutuan edukiko dugu guztia, su eztiaren beroan nahasirik, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pikor batzuk eman eta gero, tomate saltsa eta piperrautsa erantsiko ditugu.
  2. Dilistak sartuko ditugu orduan. Su horretan edukiko dugu guztia beste 2 minutuan eta ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatzeko neurria gainetik. Gatz pixka bat berriro eman eta su eztian utziko dugu egosten guztia 50 minutuan.
  3. Epe hori igaroxe dugularik, baratxuri-olio errea prestatuko dugu. Horretarako, padera bat su biziaren gainean jarri eta erabili gabe gelditu zaigun olioa (2 koilarakada) isuriko dugu hartan. Olioa oso bero dagoela sumatu orduko botako ditugu baratxuri-xerrak. Berehala gorrituko zaizkigu eta, erretzen utzi aurretik, dilisten gainean “su gainean egongo dira oraindik dilistak“ irauliko dugu baratxuri-olioa.
  4. Egosten utziko dugu guztia minutu batzuetan. Xamur eta gatzez ongi daudela frogatu eta sutatik aterako ditugu dilistak. Jateko moduan egongo dira orduan.

Kasu!

Urdakia erantsi nahi izanez gero, beste eltze batean jarriko ditugu txorizo hezea, odolkiak, txerri saiheskiak edo geure gustuko beste txerrikiren bat eta, puskak egin eta gero, dilistei erantsiko dizkiegu sutatik atera baino 5 minutu lehenago.

 Dilista egosiak
gogokoa

Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan

Tamaina hartzea da kontua, ez lehorregi eta ez gordinegi. Ozpinarekin ere arretaz ibili behar da. Baina hemen esandakoak bete eta egin beharreko guztiak behar bezala asmatzen badituzu, etxaferoak botako dituzte zure inguruan, hain baita gustagarria hegaluzea (eta hegalaburra) atontzeko era hau. Guri bedere asko eta asko atsegin zaigu, hori bai, ez da egunero jatekoa, tarteka eta noizean behin.

 

Osagaiak:

  • 4 hegaluze (edo hegalabur) solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • Ximiko bat irin
  • 6 tipula, zerrenda mehetan moztuak
  • 4 baratxuri ale
  • Oliba olioa
  • Xorta bat ardo zuri edo sagar-ozpin
  • Gatza

Errezeta:

  1. Kazola batean oliba olioa isuri, tipulak gaineratu, gatza eman eta su eztian edukiko dugu guztia, 45 bat minutuan, barazkia gorritu eta xamur geratu arte.
  2. Irinetan arinki igurtziko ditugu hegaluze puskak, soberakina erretiratuz.
  3. Sutan jarriko dugu ondoren padera bat, xorta bat oliorekin. Hegaluze puskak ipini eta, erretzen utzi gabe, pare bat minutuan (lodieraren arabera) utziko ditugu txigortzen.
  4. Xukadera batez irauliko ditugu aldiro-aldiro, azal gorri kurruxkariaren barruan haragi gorrixka bezain mamitsua gorde dadin. Ez dakigula arraina lehortu.
  5. Atera eta paper-orri baten gainean xukatuko dugu.
  6. Arraina tipula saltsa beroa dagoen kazolan egokitu eta, xorta bat ardo zuri edo ozpin erantsi ondoren, su eztian edukiko dugu une batzuetan berotzen.
  7. Pausatzen utzi eta mahaira.
Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan

HEGALUZE ZATIAK Javier Lastras cc-by

Kasu!

Ohartuko zinen ardo zuria edo ozpina jarri dizkizugula aukeran. Hori zeure arabera dago: ozpin zale horietakoa bazara, ahantzi ardo kontuak eta isuri ozpin bikain xorrotada bat.

Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan
gogokoa

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoa era honetan egiteak lan apur bat emango dizu, banaka maneiatu behar baitira aleak, baina ez zara batere damutuko: ezagutzen dugun era onentakoa da hau, baldin eta ez bazaio arrautzari gehiegi frijitzen uzten, hori eginez gero, arrautzaren xigorrak irabaziko dio antxoaren zaporeari, eta ez da komeni halakorik.

Osagaiak:

  • 40 antxoa, ahalik eta handienak (kg bat inguru)
  • Oliba olioa
  • Irina eta arrautza joa, gaia irin-arrautzeztatzeko
  • Gatza

Errezeta:

  1. Ondo garbitu, baina ahal dela bi xerrak bereizi gabe. Buru-hezurra kendu eta gatza emango diegu ondoren. Arrain-saltzaileak berak garbi ditzake antxoak, baina nekez utziko dizkizu liburu moduan irekita.
  2. Irin-arrautzatan pasa eta olio ugaritan frijituko ditugu antxoak, su ertainean, irin-arrautza erre ez dadin.
  3. Frijitu eta xukatu ondoren zerbitzatuko ditugu antxoak, tomate edo uraza eta tipulin entsalada batekin.
Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoak. Mikel Agirregabiria cc

Kasu!

Inork ez dizu esango, baina mayonesa apur batekin bikainak dira. Binaka ere jar ditzakezu, hau da, bi antxoa parez-pare irin-arraurtzeztatu eta bakarra balira bezala frijitu. Eta gauzak gehiago nahasteko gogoz bazara, jarri potoko piper gorri zati txiki bat bi antxoen artean lehenbizi eta gero irin-arrautzeztatu eta frijitu. Edo soberan duzun piper berde frijitu baten zatia. Ikusiko duzu nolako pagotxa.

Akaso!

Postre gisa ‘Filipinos’ Argiñano eta Berasategiren eskutik…

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)
gogokoa

Arroza txirlekin

Gure mahaietan ezin da falta arroza txirlekin plater hau: fina bezain gustagarria da, batez ere arroza eta txirlen puntuarekin asmatzen bada. Esan beharrik ez dago txirlak zenbat eta fresko eta salbaiagoak, hobeto aterako zaizula, baina badakigu poltsikoari ere kasu egin behar zaiola eta arrandegian aurkituko dituzu bizitegietakoak ere. Ez da gauza bera, baina bizi egin behar da, ez da? Eta arroza izan dadila borobiletakoa.

Osagaiak:

  • 300 g arroz
  • Tipulin fresko handi bat
  • 7 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Baratxuri xehatua, koilarakadatxo bat
  • l. bat arrain-salda edo ur
  • 800 g txirla
  • Koilarakada bat perrexil xehatu
  • Gatza

 

Errezeta:

  1. Su eztian paratuko dugu tipulin freskoa 5 koilarakada oliotan.
  2. 15 minuturen buruan, tipulari kolorea hartzen utzi gabe eta gardendu denean, erantsiko dugu arroza. Nahasiko dugu guztia minutu batez eta hiru litro laurden ur edo arrain-salda gaineratuko ditugu. 15 minutu igaro eta puntuan egongo da ia-ia arroza.
  3. Padera batean jarriko dugu baratxuri xehatua gainerako olioan eztitzen, eta dantzan hasi dela ikusi orduko erantsiko dugu gainerako ura edo arrain-salda, bero erantsi ere. Minutu bateko irakinaldia emango diogu guztiari. Txirlak erantsiko ditugu ondoren, bai eta sutan eduki ere, ireki arte.
  4. Gainetik hautseztatuko dugu perrexila. Ez ditzagun txirlak gehiegi egin, zail ez daitezen. Marinel eran maneaturiko txirlekin nahasiko dugu arroza eta minutu pare batean utziko dugu guztia egosten.
  5. Gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu, eta zerbitzatu.

 

Arroza txirlekin

Arroza txirlekin. Javier Lastras cc

Kasu!

Zuhur joka dezagun gatzarekin: txirlak azkarrak dira inolaz ere, eta gatziaren gaziz, ezin jan dela gera daiteke arroza deskuidatuz gero.

Akaso!

Japoniarrrei elkartasuna adierazteko, Sushi gozoa ‘Intzak hik!’en

Arroza txirlekin
gogokoa