Tiramisua

Tiramisua –
Osagaiak
- 5 arrautza
- 75 g azukre
- 75 g irin
- Kafe bat bikoitza eta beltza, expresoa
- Pattar zorrotada eder bat (amaretto)
- 4 arrautza gorringo
- 8 koilarakada azukre
- Mascarpone gazta krematsua, 250 g
- 4 arrautza zuringo
Tiramisua
Errezeta
- Bizkotxoa egiteko, katiluan 5 arrautza eta 75g azukre nahasiko ditugu. Indarrez irabiatuko dugu, orea loditzen eta zuritzen den arte, ongi harroa gelditzen den arte. Ondoren, irina bahetu eta euri fin gisara erantsiko diegu, poliki-poliki, arrautzei eta azukreari. Orea laberako paper sulfuroztatuaren gainean hedatu eta labean sartuko dugu, 7 minutuan, 180 graduan, lehortzen utzi gabe, gero xamur-xamurra geldi dadin.
- Bizkotxoarentzako bainua honela prestatuko dugu: kafe bikoitza, hotza, amarettoarekin nahasi eta hozten utziko dugu.
- Krema honela: katilu batean hagaxkekin arrautza gorringoak eta 4 koilarakada azukre ongi jo, krema franko horratzen den arte, lehen halako bi egiten den arte gutxi gorabehera. Ondoren, eragiteari utzi gabe, mascarpone gazta erantsi, pixkanaka-pixkanaka, dena bat egiten den arte. Bukatzeko, beste 4 koilarakada azukre eman diegun arrautza zuringo harro-harrotuak erantsiko ditugu.
- Tiramisua plum-cake moduko molde batean harrotzen ahal dugu, tartarako edo bizkotxorako erabiltzen ditugun horietako batean, edo baita portzelanazko ontzi txikietan ere, erasoagoa baita gero bakoitzari zerbitzatzeko. Erraz-erraza da.
- Bizkotxo-plantxa hautatu dugun ontziaren hondoaren tamainako puskatan moztuko dugu, eta puskak, esaterako, ontzi txikien hondoan jarriko ditugu. Puskak gero kafe-bainuaz blaitu, koilarakada eder bat botaz, harik eta bizkotxoa ongi urasetu arte. Ondoren gazta-krema ongi harrotua eman gainetik, ertzetaraino.
- Krema denbora-tarte batez hozten utzi behar dugu, hozkailuan esaterako, eta zerbitzatu baino lehenago kakao mingotsaren hautsez parpar eman oparo. Kafe-bainutik alkohola kendu, gehiegi gustatzen bazaie ere.
…
Tiramisua postre modernoa da, ez tradizionala, jende askok pentsatzen duenaren kontra. Bere jatorria 50. hamarkadan dauka Italiako ipar-ekialdean, Véneto inguruan, Venezia hiriburu duen eskualdean. Zenbaitzuk bere sorrera zehatza inguruetako burdeletan kokatzen dute…
Tiramisua
Entsalada errusiarra

Entsalada errusiarra –
Osagaiak
- 4 azenario
- 3/4 kg patata
- 3 arrautza
- Ilar fin-finak, pote txiki bat
- Artoa, lata txiki bat
- Hegaluze ongi hautatua, oliotan edo ozpinetan kontserbatua, puska bat
- 1/4 l maionesa, norberak egina, ez oso lodia
- Tipulin txiki bat, xehatua
- Piper berde bat, xehatua
- Gatza
- Sagardo-ozpina, pittin bat
…
Errezeta
- Jarri eltze batean ura suelto gatzarekin, azenarioak, patatak eta arrautzak estaltzeko adina. Su bizira hurbildu eta utzi borborka egosten.
- Handik 10 minutura atera arrautzak eta utzi hozten, eta beste 5 minutuz gutxienez utzi azenarioak eta patatak egosten, xamurtu arte, labana baten puntaz alderik alde aise pasatzeko moduan egon arte alegia. Xukatu eta epeltzen utzi, eskuetan erabili ahal izateko, zuritu egin behar baitira.
- Zuritu, bada, eta zatitu patatak eta azenarioak koskor txikitan. Jarri dena gopor batean eta gehitu arrautza xehatuak, ilar xukatuak, artoa, hegaluze izpitua, tipulin xehatua, piper berde xehatua, maionesa eta sagardo-ozpin xorta. Dena nahasi ongi, eta, behar izanez gero, maionesa pixka bat gehiago gehitu, gustatzen zaigun punturaino. Gatz puntua probatu eta, behar izanez gero, zuzendu.
- Hozkailutik atera, eta fresko-fresko mahairatu. Entsalada mota honek nahia adina aldaketa ametitzen ditu, gure gustuak eta gure umeenak asetzeko modukoak. Abokata, ganba egosi eta azala kenduak, porru egosia, urdaiazpiko egosia dadotan, ozpinetako ozpin-pepino xehatuak, pipermin xehatuak, tomate freskoa dadotan, gazta puskak, etab.
Entsalada errusiarra
Txokolate moussea

Txokolate moussea –
Osagaiak
- 300 g txokolatea ilun, kalitate onekoa
- 2 arrautza eta 2 gorringo
- 5 koilarakada azukre
- Litro erdia esnegain, harrotua
- Xorta bat ron
…

Arg. Javier Lastras
Errezeta:
- Ontzatan moztu eta gopor batean sartuko dugu mikrouhinetan, indar apalenean, ur dadin.
- Bitartean, hagaxkaz joko ditugu, beste gopor batean, gorringoak eta arrautzak 3 koilarakada azukrearekin, orea loditzen eta zuritzen hasia dela sumatu arte. Gainera, beste 2 koilarakada azukreak erantsiko dizkiogu tinko harroturiko esnegainari.
- Urtu ondoren erantsiko diogu txokolateari rona, xorta bat.
- Azukrearekin jotako arrautzekin nahasiko dugu.
- Gomazko espatula batez erantsiko diogu ondoren ore hau esnegain harro azukreztatuari, goitik behera leunki nahasiz, moussea ahalik eta harroena izan dadin. Ez azkar jo, esnegain harrotua apal ez dadin.
- Goporretan edo portzelanazko pote txikitan banatuko dugu nahastura, eta ongi tapatuta edukiko ditugu hozkailuan, jan aurretik.
…
Kasu:
Gailetaren batekin lagun dezakezue postrearen aurkezpena.
…
Akaso!
2 osagaiekin egindako txokolate mousse RZ bideoa…
txokolate moussea
Marmitakoa

Osagaiak
- Atunaren azalak eta hezurrak, kg erdia inguru
- 8 koilarakada handi oliba olio birjina estra
- 2 azenario, xerretan moztua
- 2 baratxuri ale
- Tipula bat, zatitua
- Porru bat, zatitua
- Ura
- Pipermorro gorri bat
- 2 piper berde
- Uretan beraturiko 2 piper txorizeroen mamia
- Tipulin bat, pikatua
- 4 patata eder
- Katilukada bat tomate saltsa
- 400 g atun, dadotan moztua
- Perrexil xehatua
- Gatza
…
Errezeta:
- Salda egiteko: Kazola batean, 2 koilarakada oliotan, su bizian eztituko ditugu azalak eta hezurrak, eta barazkiak gaineratuko ditugu ondoren, baratxuri ale bakarra, zurituta. Urez oparo estali, gatza eman eta 15 minutuan eduki dezagun guztia irakiten. Iragazi.
- Marmitakoari segida emateko, su eztian betiere, 4 koilarakada oliotan beratuko ditugu 5 minutuz piperrak eta tipulina, ongi pikatuak.
- Beste baratxuri alea xehatua erantsi eta biraka eragin guztiari, zuritu, pobreen moduan puskatu eta barazki hondo horretan edukiko ditugu minutu batzuetan beratzen.
- Tomate saltsa erantsi eta beste minutu batzuk edukiko dugu guztia gozatzen.
- Ondoren, oparo estaliko dugu guztia aurrez egindako saldarekin. Gatza eman eta su eztian edukiko dugu kazola, patata puntuan eta xamur egon arte.
- Bukatzeko, padera batean 2 koilarakada olio ipiniko ditugu eta ongi berotu ondoan, atun dadoak salteatuko ditugu hartan. Bizkor egin behar da hau, arraina lehor ez dadin.
- Patata saldan irauliko dugu ondoren hegaluzea. Gatz puntua neurtu eta zuzendu ondoan, perrexila hautseztatuko dugu gainean.
- Berehala zerbitzatu behar da, lehortu egingo baita atuna berotasunean luzaro egonez gero.
Kasu:
Barazkiak sueztitzen ari garenean, mina ere erants diezaiokegu, pipermina esate baterako. Atunen garaitik kanpora, marmitakoa ere egin ahal izango dugu modu berberean beste arrai batzuk erabilita: izokin freskoa, berdela, txitxarroa eta xapoa bera ere.
Atun marmitakoa
Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin

Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin –
Osagaiak
- 750 g marrubi, ongi onduak, laurdenetan zatituak
- Ezti pixar bat
- Laranja zukua, litro laurdena
Errezeta
- Ziur egon behar dugu marrubiek xomorrorik eta txortenik ez dutela. Uretan pasa eta poliki-poliki xukatuko ditugu zapi batez, laurdenetan zatitu aurretik.
- Eztiarekin busti, eta pausatzen utziko ditugu hozkailuan, 10 bat minutu.
- Hotz zerbitzatuko ditugu marrubiak, gopor txikietan, laranja zuku egin berri eta fresko-freskoarekin batera.
Marrubiak laranja zuku eta eztiarekin
Arrozesnea

Arrozesnea –
Osagaiak
- Litro bat esne
- Pote bat esne lurrindua (ez da ezinbestekoa)
- 200 g arroz, pikor biribilekoa
- Laranja azal bat eta limoi azal bat
- Kanela adaxka bat
- 150 g azukre
Errezeta:
- Kazola batean ipiniko ditugu azukrea ez beste osagai guztiak.
- Sutan jarri, oso su eztian, eta ezti-ezti irakiten utziko dugu, 40 bat minutuan.
- Azukrea erantsi, eta irakiten utziko dugu beste 10 bat minutuan, zaliari maiz eraginez, hondoan itsats ez dadin.
- Ontzi batera aterako dugu guztia, eta utzi egingo dugu hozten, laranja eta limoi azalak eta kanela adaxka atera ondoan.
- Zerbitzatu.
…
Kasu!
Epela zein hotza har daiteke, hotza nahiago izaten du jendeak normalean. Arrozesne usaingozatua edo arrozesnea_arrautza gorringoekin ere hemen eskura sukaldean.com errezetategitik.
,,,
Akaso!
Uxueren arrozesne RZ bideoa…
Arrozesnea
Banana split

- Banana heldu bat
- Bainila, txokolate eta marrubi izozkia
- Txokolate saltsa
- Esnegaina, harrotua
.
Errezeta
- Bitan zatitu eta erretilu txiki batean ipiniko dugu banana heldua.
- Hiru izozki-bolak jarriko ditugu haren gainetik, zeinak bere zapore berezi, eta esnegain harrotua zabalduko dugu gainetik, koilara batez.
- Txokolate saltsaz ongi igurtziko dugu ondoren guztia, eta mahairako prest egongo da.
.
Kasu!
Txokolate saltsa beharrean, mugurdi saltsa erabil dezakegu, eta gainazalean fruitu lehorrak, hur txigortuak edo arbendolak esate baterako, hautseztatu ahal izango ditugu.
Banana split
Dilista entsalada

- Dilista egosiak eta xukatuak, hiru kilo laurden
- Txerri ukondoa, puska eder bat, egosia eta hezurgabetua, dado txikitan moztua
- Tomate handi bat, ondua baina ez biguna, dadotan moztua
- Perrexil xehatua
- Ozpin-pepinoak, txiki-txiki eginda, 2 eskutada
- 2 koilarakada maionesa
- Piaze pikorrak, 2 koilarakada
- Oliba olio birjina, 8 koilarakada
- 2 koilarakada sagardo-ozpin
- Gatza eta piperbeltz eho berria
…
Errezeta
- Hasteko gopor batean osagai hauek guztiak nahasiko ditugu: dilistak, txerri ukondoa, dadotan moztutako tomatea, perrexila eta ozpin-pepinoak.
- Katilu batean gatza eta piperbeltza jarriko ditugu, ozpinarekin. Oliba olioa gehituko diogu zurrusta finean, eta sardexkarekin joko dugu. Maionesa eta ziapea ere gehituko ditugu.
- Prestatutako saltsa honekin maneatuko ditugu dilistak. Ongi nahasi. Freskatzen utziko ditugu denbora-tarte batean hozkailuan, jateko atera baino lehen.
Dilista entsalada
Ganbak baratxuritan

Ganbak baratxuritan
Ganba edo otarrainxka errezeta hau dizdira eta luxuxko platera duzu, prestatzeko oso erraza eta izugarri gozatzekoa.
Osagaiak:
- 40 ganba
- 8 baratxuri ale
- 4 kaienatxo
- 10 goilarakada oliba olio
- gatza
Errezeta:
- Ganbak zuritu eta hotzetan gorde.
- Baratxuri atalak zuritu eta xerratu.
- Zartagin txiki batean, baratxuria eta kaienak gorritzen hasi 3-4 koilarakada oliotan.
- Baratxuria kolorea hartzen hasten denean hatz bateko altuerara arte olioz bete eta aurretik gatzatutako otarraixkak gehitu. Gorritzen jarraitu su bizitan.
- Olioa bir-birrean hastean sutatik atera eta minutu batez itxaron zerbitzatu aurretik.

GANBAK BARATXURITAN Juantiagues
Kasu!
Buztinezko plater txiki batean otarrainxkak ipini eta erabilitako olio apur batez busti. (Ez badaukazu buztinezko platerik ere, konponduko zara, ez da hala?)
Aurretik garbitutako buruekin, saltsa bat ere egin dakieke. Buruak olio gutxirekin zartaginean gorritu eta ardo txuri eta ur pitin bat gehituz. 5 minutuz su ertainean egosi. Iragazi eta otarrainxka platerari gehitu.
Alde handia dago izozturiko ganbak edo freskoak direnen artean. Izoztutakoak erostea erabaki ezkero, kuzinatu aurretik, ongi kendu behar zaie askatzen duten ur guztia, ongi friji daitezen. C’est comme ça.
Ganbak baratxuritan
Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin
Osagaiak:
- 250g irin
- 125cl ur
- 7g legami
- 7g gatz
- 25g oliba olio
- tomate saltsa litro bat
- 2 mozzarela bola
- albaka
- antxoa poto bat
Errezeta:
- Hondokoa egiteko, irina, ura, legamia eta oliba olioa nahastu behar dira.
- Nahasirik daudela, ogiarekin egiten den moduan, oreari eragin.
- 2 minutuz itxaron eta berriz eragin… horrela 6-8 aldiz.
- Labea berotu 250ºtan.
- Tomatea, zartagi batean su ertainetan jarri ura galtzen has dadin.
- Bitartean, masa zabaldu eta nahi den itxura eman ostean, aproposa den paperaren gainean laberatu 2-3 minutuz.
- Labetik atera eta 180ºtara jeitsi tenperatura.
- Masa beroaren gainean, ia ur guztia galdutako tomate saltsa zabaldu.
- Mozzarela eskuarekin hautsi eta tomatearen gainean zabaldu antxoekin batera.
- beste 5-10minutuz laberatu eta handik ateratakoan, albaka gehitu.

PIZZA Michele Ursiono
Kasu!
Albaka eta antzeko belar eta hosto freskoak, amaieran eta labetik kanpo gehitu kolorea eta berezko zaporea gorde dezaten eta oliba olio gordin tanta batzuk gehitu hostoen gainetik.
Alferra bazara, jakizu gaur egun merkatuan topa daitezkeela pizzak egiteko masa bikain askoak, baina gure iritzian, etxean egindakoa bezalakorik ez dago!
Behin pizzaren orea ikasitakoan, gainerako guztia nahierakoa da. Zeure irudimenaren araberakoa.
Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin
Intxaur eta txokolate browniea

Intxaur eta txokolate browniea
Osagaiak:
Intxaur eta txokolate browniea
Errezeta:
- Txokolatea zati txikitan jarri
- Gopor edo bol batean gurina eta txokolatea mikrouhinean urtu.
- Nahasketa honi, azukrea gehitu eta ongi nahasi.
- Arrautzak ongi irabiatu kolore “zurixka” hartzen duten arte.
- Kontu haundiz, irina eta arrautzak, lehenengo nahaskerari, txandatuz gehitu eta nahasi.
- Dena ongi nahasirik dagoela, intxaurrak gehitu.
- Labetzeko moldea gurinaz igurtzi eta irin apur bat ongi sakabanatu jarri. (Honek brownia eginda dagoenean, hautsi gabe ateratzea erraztuko du).
- Lortu dugun nahasketa ipini gainetik.
- 180ºtan labetu 20 minutuz eta hozten utzi.
Kasu!
Lagungarri eran, garaiko fruta eta gustuko izozki batekin dasta daiteke. Mango, laranja, sagarra…
Labetzeko moldearen arabera, browniak altuera bat edo beste izango du, hortaz, labetzeko denbora ere honen araberakoa izango da.
Eginda dagoela ikusteko, txotx bat browniaren erdian sartu eta atera behar da. Txotxa garbi irten ezkero, egina dago. Hori bai, krematsu geratzea nahi bada, txotxarekin kontrolatu beharko da egoste puntua.
Intxaur eta txokolate browniea
Muskuiluak (tomate) saltsan

Muskuiluak (tomate) saltsan
Honako hau oso errezeta azkarra eta erabilgarria da. 5 minuturen buruan hasi eta buka daitekeena.
Osagaiak:
- 24 muskuilu ale
- tipulina erdi bat
- 3 baratxuri atal
- perrexilla
- ardo txuria
- erramua
- gatza
- piper hauts beltza
- tomatea (aukeran)

MUSKUILUAK TOMATETAN Javier Lastras
Errezeta:
- Lehen pausoa muskuiluei bizarrak garbitzea da laban baten laguntzaz eta hauek uretan garbitzea gero.
- Baratxuri atalak eta tipulina txiki txiki egin eta zataginean su ertainetan gorritzen hasi olio koilarakada baten laguntzaz.
- Kolore apur bat hartzen duten momentuan, muskuilua gehitu, ardo txuri kopa, erramua eta perrexillarekin batera. Sua bizitu eta paela estali zabaltzen diren arte. Zabaltzen hasten direnean, gatz eta piper hauts pitin bat gehitu eta zerbitzatu.
Bigarren aukera:
- Zabaltzen hasten direnean, hauek paelatik atera eta tomatea gehitu.
- 5 minutuz egin su ertainetan eta zerbitzatu aurretik muskuiluak gehitu.
- Gatz-pipertu eta listo.
Kasu!
Muskuluekin, txirlekin bezala, kontu haundiz ibili behar da produktua freskoa eta ona izan dadin. Muskulua itxirik egon behar du, bizi eta fresko dagoen seinale.
Batere txarra ez den aukera, minutu batez egositako muskuiluak erabiltzea da. Saltsa berdin berdin egin muskulurik gabe eta amaieran 5 minutuz muskuluekin egosi zaporea har dezaten.
Muskuiluak (tomate) saltsan. Honako hau oso errezeta azkarra eta erabilgarria da. 5 minuturen buruan hasi eta buka daitekeena.
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz

Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
Azkenaldian jatetxeetan topatzea horren ohiko eta erraz den azkenburukoa da. 5 minututan egin eta dastatzeko aukera ematen duena.
Azkenburu honen sekreturik handiena, jogurta kalitate onekoa izatea da. Aukera edukita, gertuko baserriren bateko esneaz egindako jogurta izatea gomendatzen da. Zaporeak eta testurak zerikusirik ez du komertzialagoekin. Bestela, garrantzitsua litzake testura lodiko jogurta aukeratzea.
Osagaiak:
- 500 gr Jogurt natural
- 50 gr ezti
- 100 gr esnegain
- fruitu gorri eskukada bat. Haranak, marrubiak eta mugurdiak
- jelatina 3 orri
- limoi bat
- gatz pitin bat
- azukre goilarakada bat
- modena ozpin goilarakada bat
- 4 gustuko gaileta
- menta hostoak

JOGOURTA FRUITUEKIN Jason Cartwright
Errezeta:
- Lehen pausoa, jelatina ur hotzetan ipintzea da biguntzen den arte. Ura hartu eta biguindu den momentuan edalontzi batean ipini esnegainarekin batera eta mikrouhinean 30 segundoz berotu. Nahasketa ondo nahasi.
- Esnegaina eta jelatina nahasketa, gatza eta limoi azal birrindua jogurtari ongi nahasi. Nahasketa hau hozkailuan gorde ordu betez gutxienez.
- Bitartean, fuitu gorriei azukrea eta ozpina gehitu eta nahasi. Hau ere, hozkailuan gorde.
- Fruitu gorriak iragazi eta askatutako zukuarekin jogurta estali.
- Zerbitzatzeko momentuan, edalontzi, gopor baten oinarrian, ezti apur bat jarri, segidan jogurta eta azkenik, gainean gailetak eskuekin hautsi.
- Bukatzeko, menta hosto batekin apaindu.
Kasu!
Denbora asko eduki ezean jogurtaren nahasketak berak bakarrik ere balio dezake!
Gustuko lagungarri pila onartzen ditu errezeta honek. Garaiko edozein frutarekin jatea ere aukera bikaina da!
…
Akaso!
Maitane Segurolaren Fruitu gorri nahasiak bideo RZ:
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
Haragi salda

Haragi salda
Errezeta honen inguruan ezin daiteke legerik azaldu. Garaiak eta norberaren eskuek idatziko dute hori.
Osagaiak:
- Txahal edo behi xankar bat
- 4 tipula
- Porru bat
- 2 azenario
- ardo txuri kopa bat
- txitxirio eskukada bat
- perrexila eskukada bat
- piper hauts beltza
- gatza
Errezeta:
- Barazkiak ongi zuritu eta zati handitan moztu.
- Hauek lapiko handi eta altu batean ipini, txankarra, ardo kopa eta perrexillarekin batera. Urez estali eta su bizitan jarri irakiten hasten den arte. Momentu honetan, garbantzuak gehitu eta su ertainean egosi 3- 4 orduz (edo eltze espresean 30 minutuz).
- Salda iragazi eta gatz eta piper hauts puntuan jarri.
- Txankarra txikitu eta zerbitzatzeko garaian saldari gehitu.

SALDA Krista
Kasu!
Ohikoa da arrautza egosi eta ogi apur batekin zerbitzatzea.
Edozein zopa eta prestera egiteko aparta da.
Haragia bera ere, tomate eta piper batzuen laguntzaz ez da txantzetako jana.
Haragi salda
Tomate eta hegaluze entsalada

Tomate eta hegaluze entsalada
Plater honen osagai nagusiak uda garaiko bi produktu dira, berez, baina urte guztian ere aurki ditzakegu, tomateen kasuan, hain bikainak ez izan arren.
Osagaiak:
- 2 Tomate
- hegaluze kontserba pote bat
- tipulina bat
- baratxuri atal bat
- oliba olioa
- gatza

TOMATEA Naturalflow
Errezeta:
- Baratxuri atala erdibitu eta entsalada zerbitzatuko den azpil edo platerean igurtzi.
- Tomateak garbitu eta “ipurdiz gora” zerra aiztoarekin zati irregularrak ebaki. Horrela haragi zati handiagoak lortzen dira. Platerean jarri eta gatz apur bat gehitu.
- Hegaluze poteari olioa kendu eta haragia tomatearen gainetik zabaldu zatiak gehiegi txikitu gabe.
- Tipulina, bi eratan prestatu daiteke eta biak dira baliagarri. Lehena, “juliana” eran, eta bigarrena zati txiki-txikitan. Biak hegaluzearen gainetik zabaldu behar dira.
- Azkenik oliba olio txorrotxatxoa nahieran gehitu jan aurretik.
Kasu!
Oso lagungarri zaizkio entsalada honi edozein hosto fresko mota. Albahaka hostoak adibidez.