Arroza entsaladan
Arroza entsaladan –
Osagaiak
- Arroz zuria, kilo erdia
- 2 baratxuri ale, osorik
- Oliba olio birjina, 3 koilarakada
- 2 litro ur
- 3 tomate, ongi helduak
- Piper berde bat, txikitua
- Tipulin bat, txikitua
- Gatza
Arroza entsaladan
Errezeta
- Kazola zabal batean, olioa jarriko dugu, baratxuri aleekin, baina hauek osorik eta zuritu gabe. Su motelean berotu dadila eta baratxuriak gorritzen hasten direla ikusten dugunean, orduan arroza gehitu eta nahasi pixka batean. Gatza eman eta ur beroa isuri kazolara (nahi izanez gero, salda kontzentratuaren plantilla bat ere jar genezake).
- Irakiten utzi, ez indarrez, arroza egosia dagoela ikusi arte, hau da, 15 bat minutuz. Ura kendu eta hozten utzi. Denbora sobera pasatu baldin badu arrozak egosten, hauxe dugu konponbide erraz bat: laster xukatu eta ur hotzetik pasarazi, egostea eteteko.
- Tomateei azala kendu eta dado txikitan moztuko ditugu. Piper berdea eta tipulina gehitu gero. Behar duen gatza eman eta oliba olio birjina isuri, oparo, zorrotada eder bat. Arroza gehitu eta ongi nahasi. Beharrezkoa balitz, pixka bat gazitu berriz.
…
Kasu!
Arrozarekin egindako honelako entsalada bati osagaiak aldatzen ahal dizkiogu, gure gustuen edo haurren gustuen arabera. Urdaiazpiko egosia dadotan, kontserbako arto ale egosiak, egositako saltxitxa zerrak, maionesa pixka bat, oliba txikituak, kaparrak, arrautza egosi txikitua, ozpin pixka bat.
…
Akaso!
Karlos Argiñanoren arroz entsalada kakahuete eta indioilarrarekin RZ azkarra:
Arroza entsaladan
Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan
Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan –
Osagaiak
- Behi-haragi xehatua, 750 g (txahala edo txerria ere izan liteke, edo biak nahasian)
- Baratxuri eta perrexil xehatua, pixka bat
- Ogi arraspatua, 2 koilarakada
- Zorroko tipula zopa, zorro erdia
- 2 baso ur
- Baso bete tomate saltsa
- 3 patata
- Gatza
…
Errezeta
- Haragi pikatuari baratxuria, perrexila eta ogi arraspatua eman, baita gatza ere, eta behar den bezala oratu. Bolak egin, irinaz baliatuz, golfeko piloten tamainakoak.
- Oliotan frijituko ditugu, juxtu-juxtu axaletik egin daitezen. Frijitu eta gero, kazola batean uzten joango gara.
- Albondigak frijitu ditugun zartagin berean, olio gehiegi gelditu bada, pixka bat kendu, gelditzen den olioak doi-doi estal dezala zartaginaren hondoa, eta olio horretan tipula zoparen hautsak frijituko ditugu, su motelean.
- Txigortu baino lehenago, ura eta tomate saltsa gehitu eta egos dadila 5 minutuz. Gatza eman, beharrezkoa bada. Saltsa albondigak dauden kazolara isuri eta beste 15 minutuz eduki sutan, erabat egiteko. (Ikusten badugu lehor gelditzen direla albondigak ur gehixeago bota).
- Patata dado batzuk frijitu eta zerbitzatu baino lehen albondigetara bildu.
…
Kasu!
Albondigak egiteko nahasturari, egostean goxoago gera daitezen, esnetan blaitu eta gero pixka bat xukatutako ogi mamia eransteko aukera dugu, edo, agian hobe, txerri hanka egosi batzuk, hezurgabetuak eta txiki-txiki eginak. Haragi gordinarekin nahasi eta prozesua berdin egin. Olioari tipula xehatu bat ere gehitu diezaiokegu, su eztian frijitu eta bertara zorroko zopa hautsak bota. Emaitza honela ere on-ona izango da, baina neketsuagoa da lana.
Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan
Akaso!
Uxue, Garazi, Maddi eta Natalek egindako albondigak aurkitu ditugu sarean GAZI GOZO…
Erotu egin gara eta pastaz betetako albondigatzarraren RZ akaso!!!
Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan
Oilaskoa saltsan patatekin
Oilaskoa saltsan patatekin –
Osagaiak
- 1 kg oilasko behintzat, erdi tamainako pusketan zatitua
- 2 piper txorizero (aurrez ur epeletan beratuak, ordu pare batean?)
- 3 baratxuri ale, pikatuak
- 2 tipulin handi, pikatuak
- 10 koilarakada tomate saltsa
- 5 patata eder, pobreen moduan puskatuak
- Oliba olio pixar bat
- Gatza
Oilaskoa saltsan patatekin
Errezeta
- Oliba olio pixar bat kazola zabal batean isuri, eta gorritzen ipiniko ditugu oilasko puskak, gatza eman ondoan. Utzi egingo diegu alde guztietatik gorri daitezen arte. Horren ostean, gorde egingo ditugu plater batean.
- Kazola berean, koipe gehiegi bildu bada pixar bat kendu ondoren, erantsiko ditugu tipulina eta baratxuriak. Gatz pittin bat eman eta buelta batzuk emango dizkiogu, 15 bat minutuan, su eztian.
- Orduan erantsiko dugu oilaskoa, aurrez gorritua, atera duen zukuarekin. Berriro ere buelta batzuk eman eta erantsi egingo ditugu tomate saltsa, piper txorizeroen mamia eta piperrak beratzen edukitako salda.
- Horren ostean, kazola estali eta egiten utziko dugu guztia oso su eztian, 45 minutuan gutxienez. Lehortzen ari dela ikusten badugu, erantsiko dugu piper txorizeroak beratzen edukitako salda gehiago, gisatua xamur geratu dela ikusi arte. Gisatua erabat egin baino 20 minutu lehenago erantsiko ditugu patata zatituak eta gatz apur bat.
…
Kasu!
Azken minutuak oso su eztian egiten utziko dugu guztia, patatak osorik gera daitezen, lehertu gabe. Patata puskaren bat desegin egingo da ezinbestean, eta orduan are lodiago geratuko da saltsa, halaxe behar baitu. Oilaskoak heze gelditu behar du eta saltsak busti egin behar ditu puskak. Azkenean gatz pixka bat hautseztatuko dugu gainetik, gutxi duela ikusten badugu.
…
Akaso!
Oilaskoa saltsan patatekin
Txokolate gailetak
Txokolate gailetak –
Osagaiak
- 400 g irin
- Gatza, ximiko bat
- Bikarbonatoa, ximiko bat
- 200 g gurin, biguna
- 150 g azukre
- 200 g azukre beltz
- 2 arrautza
- 250 g txokolatezko pipitak
Txokolate gailetak
Errezeta:
- Ontzi batean ipiniko dugu irina, gatza eta bikarbonatoa eman ondoan. Espatula batez ongi nahasi, eta erantsiko dugu gurin biguna. Oso garrantzitsua da gurina ez hotz, ez gogor, ez likido egotea. Erantsi egingo ditugu halaber azukreak, eta ongi nahasiko dugu guztia.
- Ore lodi bat aterako zaigu. Arrautza joak, banan-banan, erantsi, eta ongi landuko dugu ondoren orea. Azkenik, erantsiko ditugu txokolatezko pipitak eta ongi nahasiko dugu berriro guztia.
- Orea ongi estali, eta pausatzen utziko dugu hozkailuan, 4 bat ordutan.
- Horren ostean, intxaur baten neurriko ore zatiak egin, eta labeko erretilu batean gainean ipiniko ditugu, erretiluan gurina ongi igurtzi ondoan. Erretzen utziko ditugu labean 180º-ko tenperaturan, 8/10 minutuan, kurruskari gelditu arte.
- Hozten utzi eta gozatu…
…
Kasu!
Pote batean gordeko ditugu gailetak bigundu ez daitezen, badira airea kentzen zaien poteak, primerakoak dira hauek. Hala ere, ez larritu, normalean ez dute pote barruan gehiegi irauten…
…
Akaso!
Aiora @Probatxoa bere youtubeko kanalean Txokolatezko gailetak RZren bideoa:
Txokolate gailetak
Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza
Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza –
RZ honek duen gakoa, orea edo masa bera egitean datza. Orea fina lortu ezkero, gainean ia edozer gauza gehitzeak balio du eta.
Osagaiak
- 500 gr irin
- 250 gr ur
- 12,5 gr legami
- 12,5 gr gatz
- 50 gr oliba olio
- 2 tomate pote
- 4 mozarela bola bat
- 8 barrengorri edo txanpinoi haundi
- 160 gr urdaiazpiko fresko
- albahaka hostoak
Errezeta
- Gopor edo bol batean irina, ura, olioa, legamia eta gatza nahastu eskuen laguntzaz eta orea osatu. Hori eginda, 5 minutuz egoten utzi.
- Mahaian irin apur bat zabaldu eta orea bertara igaro. Kontu haundiz, eragiten hasi. Luzatu eta erdira doblatuz. Honelako 8-10 mugimendu eginda 2 minutuz lasaitzen utzi eta berriz ere eragin. Honela, 5-6 aldiz.
- Masa lau eta malgua lortutakoan, tapatu eta ordu betez toki epelen batean irakiten (fermentatzen) utzi. Bere tamaina bikoiztu behar du.
- Tamaina bikoiztutakoan, bola txikiagoak egin eta hauei pizzaren oinarri itxura eman (labe paperaren gainean). Labea, aurretik 250º tan berotu. Bero dagoela, masa 2-3 minutuz labetu gogortu dadin.
- Oinarria hozten utzi (izoztu beste aldi baterako bada).
- Tomatea zartagi batean, su ertainean, erdira egin arte egosi. Erdira egin denean, kontu haundiz, oinarriaren gainean zabaldu. Honen gainean, eskuz hautsitako mozzarela bola bat, urdai azpiko 40 gr inguru eta txanpinoi xerratu pare bat. 180ºtan laberatu 8-10 minutuz.
- Labetik ateratakoan albaka hosto eskukada eta oliba olio txorrotatxo batekin amaitu.
….
Kasu!
Orea egunean bertan erabili nahi ez bada, edo soberakoa ez botatzearren, izozkailuan gorde daiteke eta hurrengo batean zuzenean izoztua dagoela “montatu” eta laberatu!
…
Akaso!
Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin…
Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza
Bakailao eta piper erre entsalada
Bakailao eta piper erre entsalada –
Bakailaoari gustua hartuta gaude aspalditik gure herrian, eta gaurkoan Bakailao eta piper erre entsalada RZ dakarkizugu omenaldi gisan. Denak txundituta uzteko primerako errezeta, ama eta izebari bereziki gustatuko zaie bisitan datozenerako, ligatzeko ere bai agian… Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂
…
Osagaiak:
- 2 bakailao solomo
- piper erre pote bat
- letxuga berde eta more bana
- tipulina
- 3 baratxuri atal
- laranja bat
- oliba olioa
- ozpina
- gatza
Errezeta:
- Zartagi batean oliba olio koilarakada baten laguntzaz, baratxuri atalak gorritu.
- Zartagira, piper erre potea (bere ur eta guzti) gehitu eta su ertainean egosi.
- Bitartean, eltze txiki batean bakailaoa oliotan hondoratu eta su bizitan jarri.
- Bakailaoa irakiten hasten denean sutatik atera eta hozten utzi.
- Hozterakoan, eskuekin solomoak kontuz hautsi lauzak edo zati zapalak lortuz.
- Laranja zuritu eta atal garbiak atera.
- Tipulina juliana finean moztu.
- Gopor edo ontzi borobil batean letxuga hostoak eskuekin zatitu, hauei tipulina gehitu eta gatza, oliba-olio eta ozpin puntuan jarri. (Hitzen bat ez baduzu ulertzen, gopor edo juliana, esate baterako, hiztegitxo bat ere badaukazu PAGOTXAren gainekaldean)
- Platera egiteko, oinarrian piper erre bero koilarakada bat ipini. Gainean, letxuga eta tipulina eskukada bat. Eta amaitzeko, bakailao lauza eta laranja atalak platerari itxura polita emanez.
Kasu!
Bakailaoarekin beti ibili behar da adi gatz puntuarekin. Egiaztatu egin beharko duzu gatz puntu egokian dela.
Lagungarri moduan, gopor batean, bakailao azalak eta gustuko maionesa irabiagailu baten laguntzaz eragin eta nahasketa honi oliba olio eta limoi azal birrindua gehitu.
Bakailaoa ondo gezatu behar da, gezatu gabea erosi ezkero, uretan ipini eta 8 orduro ura aldatu bakailaoak nahi den gatz puntua eduki arte. 24 lordu beharko dituzu gutxienez eta hobe duzu hozkailuaren barnean, azalez gora egitea.
Piper erreei mikatz puntua kentzeko, azukrea gehitu dakioke, baina aukeran, denbora apur bat gehiago sukaldatzearekin nahiko izan beharko luke.
Bakailao eta piper erre entsalada
Antxoa frijituak
Antxoa frijituak –
Antxoa garaia denean, gutxi izaten dira halako gutiziak baldin eta bi gauza hartzen badira kontutan: arraina fresko-freskoa izatea eta ez gehiegi egitea. Tamainan behar du guztiak. Gurean martxo aldera hasten da kanpaina eta hegaluzearenarekin batera, garrantzizkoena da gure arrantzaleentzat. Hori bai, oso maiz, antxoatara irten arren, sardina edo txitxarroarekin bueltatu beharra izaten da.
Osagaiak:
- 28 antxoa, bururik eta triparik gabe
- Oliba olioa, 0,4º
- 6 baratxuri ale
- Gatza eta Kaienako pipermin bat
- Perrexil xehatua (nahi izatera)
Errezeta:
- Baratxuri aleak zuritu eta zati txikietan moztu. Zati hauek, katilu batean oliba oliotan gorde.
- Antxoa garbitu, buru eta triparik gabe utzita baina xerrak bizkarrezurretik banatu gabe. Ur txorrotada fin batez lagundu.
- Hiru hatzeko sakonerako olioa jarri berotzen zartagin batean.
- Antxoei gatza egin.
- Olio-baratxuri goilarakada haundi bat gehitu berotzen ari den olioari eta baratxuria olio gainera igotzen denean( edo gainean bir-birrean geratzen bada) antxoak gehitu. Hauek bitsadera baten laguntzaz oliotan mugitu 10-15 segunduz eta oliotik atera plater gainera.
- Platerean, erretako baratxuriez gaineztatu eta, nahi izatera, eta perrexila hautseztatuko dugu ondoren haien gainean.
Dastatzeko gomendioak:
- Gustuko den ogi zati baten gainean antxoak ipini, beren olioaz ogia busti dadin.
- Banaka banaka isatsetik buru aldera tira eginez xerratu eta dastatu
- Amaierarako, ogiak antxoen berezko olio guztiaren zaporea hartuko du. Hau da mokadurik onena.
…
Kasu!
Olioa ongi berotzea eta baratxuriak gero eranstea, horra berealdiko garrantzia duen zerbait. Antxoak batera eta denbora-tarte txikian frijituko dira horrela egiten badugu. Oker jokatuko genuke olioa baratxuri xerrekin batean berotu nahi izan bagenu: baratxuriak gorrituko lirateke eta olioak ez luke antxoak frijitzeko adina tenperatura izango. Gaizki frijiturik eta bera-bera geratuko litzaizkiguke seguruenik antxoak.
Antxoa garaian, bertako antxoak zapore eta testura hobea du kanpokoak baino. Urtearen araberakoa da garaia, baina normalki, apirilaren erdialdera hasi eta ekainean amaitzen da.
Antxoak omega 3 eta 6 gantza du. Osasunerako aberasgarria dena.
Antxoa frijituak
Pasta tomate eta txorizoarekin
Pasta tomate eta txorizoarekin –
Osagaiak
- 700 g pasta, egosi berria, nahi dena (saltsa daramaten plater mota honetarako espagetiak edo tagliatelleak dira egokiak)
- 4 tomate handi, helduak, zurituak eta dadotan moztuak
- Tipulin handi bat
- 2 baratxuri ale, txiki-txiki eginak
- Oliba olioa, 2 koilarakada handi
- Txorizo fresko bat, dado txikitan moztua
- Perrexil xehatua
- Gatza eta azukre pixka bat
Pasta tomate eta txorizoarekin
Errezeta
- Kazola batean olioa jarri eta su motelean tipulina eta baratxuriak frijituko ditugu, gatz pixka batekin. Ez ahaztu txorizo dadoak ere batera frijitzea. Ikusten badugu txorizoak koipe gehiegi askatzen duela, kendu egingo dugu tomatea gehitu baino lehenago.
- Orduan, 20ren bat minutu iraganik, tomatea gehituko dugu, gatz eta azukre pixka batekin, eta egin dadila dena su motelean tomateak bere zuku guztia atera arte, zaporea hartu arte. Horretarako, lurrundu egin beharko da askatzen duen ura. Gutxi gorabehera ordubete beharko dugu, su oso motelean betiere.
- Orduan pasta egosi berria eta xukatua gehituko dugu, eta tomatearekin eta txorizoarekin salteatu dadila.
- Perrexila par-par bota gainetik eta zerbitzatu.
…
Kasu!
Tomate saltsari, egiten ari denean, ezkai, oregano edo erromero adaxka bat botatzen ahal diogu, tonu misteriotsu eta kartsua iritsi dezan. Pasta gehitu baino lehentxeago, kendu egingo dugu adaxka hori, zaporea nahi baitugu, ez adaxka jan.
…
Akaso!
Pasta 4 eratan azkar egiteko…
Pasta tomate eta txorizoarekin
Pasta onddoekin
Pasta onddoekin –
Osagaiak
- Onddoak
- Esnegain likidoa, litro laurden bat
- Pasta 800 g
- Perrexil xehatua
- Ur eta gatza
Pasta onddokin
Errezeta
- Esnegaina irakiten jarri eta borborka hasten den momentuan onddo salteatuak gehituko ditugu. Koilara batekin nahasi eta irakiten utzi, 4 minutuz, su motelean.
- Pasta ur gazi-gazian egosi, oliba olio pixka batekin. Fabrikatzaileak ontzian jarritako jarraibideei segituko diegu, eta pasta behar den bezala dagoela ikusten dugunean, egosia baina tente, ez bigunegi, orduan ura kenduko diogu.
- Berehalaxe esnegain krematsua eta onddoak ditugun kazolara gehitu eta ongi-ongi nahasi.
- Gero perrexil xehatua gehituko dugu. Zerbitzatu eta on egin!
…
Kasu!
On egiten dio oliba olio birjinak plater honi, zorrotada eder bat erantsiko dugu, betiere jan behar dutenen gustuari kasu eginez.
…
Akaso!
Pasta poto RZ azkarra onddo eta oilaskoarekin …
Pasta onddoekin
Laranja sorbetea champagnearen kutsuan
Laranja sorbetea champagnearen kutsuan –
Osagaiak
- 300 g laranja sorbeteko
- litro erdia champagne, oso hotza
Laranja sorbetea champagnearen kutsuan
Errezeta
- Irabiagailuaren ontzian nahasiko ditugu osagai guztiak. Segundo gutxi batzuetan eta bizi-bizi, krema izoztu bat, edontzi hotzetan isuriko duguna, ateratzeko (izozkailuan edukiko ditugu aurrez edontziak).
…
Kasu!
Ugari dira aldagaiak. Esnegain urtua ere nahasten dute batzuek, pixar bat bada ere. Laranja edari freskagarri gasdun izoztua eransten diote beste batzuek, laranja zukua edo laranja azal birrindua beste harakok, edo azukre pixka bat. Nork bere gogoa bete dezala, neska-mutilok!
…
Akaso!
Laranja sorbetea champagnearen kutsuan
Oilasko kroketak
Oilasko kroketak –
Osagaiak
- Tipulin txiki bat
- 75 g gurin
- 75 g oliba olio birjina
- 250 g irin
- 2,3 l esne
- Arrautza egosi bat, pikatua
- 400 g oilasko papar, hezurrik eta azalik gabe
Oilasko kroketa
Errezeta
- Irakiten jarriko ditugu lehenik esnea eta oilasko paparrak. 4 minutu irakiten eduki ondoren, sutatik atera eta xukatu egingo ditugu oilasko paparrak. Bexamela egiteko gordeko dugu esne beroa.
- Kazola batean, olioa eta gurina erantsi eta haien ondotik ipiniko dugu tipulina, pikatua. Su ezti-eztian utziko dugu guztia ontzen, 20 bat minutuan, tipula gorri xamar eta xamur gelditu arte. Orduantxe erantsiko dugu irina, pixkana-pixkana, euri moduan, zurezko zaliari eragiteari utzi gabe. Pixkana-pixkana erantsiko dugu halaber esnea, pikorrik gabeko bexamel fin mamitsua sor dadin.
- 12 bat minutuan maneatuko dugu su ezti-eztian saltsa, zapore gordina galdu eta egoki lodi dadin. Bexamela sutatik atera baino minutu batzuk lehenago erantsiko ditugu arrautza egosia eta oilasko papar egosia, ongi pikatuak biak. Paparra eta arrautza xehagailu elektriko batean pikatzen baditugu, are finago geldituko zaizkigu kroketak.
- Olio pixar batez igurtzitako erretilu batean utziko dugu orea hozten, eta tipula-paperaz estali edo gurinez igurtziko dugu haren gainaldea, azala gogortu ez dadin.
- Hozkailuan sartu eta ordu batzuetan edukiko dugu orea, kroketak itxuratzen hasi baino lehen.
- Irinetan, arrautzatan eta ogi birrinduan pasa ondoren, olio bero ugarian frijituko ditugu. Kroketak frijitzerakoan garrantzia handia du olioa oso bero egoteak eta azaleko ogia heze ez egoteak. Behar izanez gero bi aldiz pasako ditugu ogi birrinduan. Gainera, saskian frijitzen baditugu, ez ditugu sekula erdi eginak aterako, egon egingo gara ongi txigortu arte. Kroketak erdi eginik atera eta berriro oliotan sartzen ditugunean, lehertu egiten dira gehienetan.
…
Akaso!
Brazilgo oilasko kroketak nola egin bideoa:
Oilasko kroketak
Patata tortilla
Patata tortilla –
Gaurkoan sukaldearen funtsa litzatekeena dakarkizugu, RZ primarioa edo lehen RZ! Sukaldean eta geure bizitzetan oinarrizko den patata tortilla RZ, ondo egina eta sukaldeko teknikak ikasteko egiten ari garen bidean geldialdi gurtu bat eginaz. Noiznahi jateko moduko RZ, parranda osterako primerakoa betidanik geuretzat behintzat, prestatzeko azkar eta benetan erraza. Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
Patata tortilla
- Padera zabal batean olioa isuri eta gero, bizi-bizi piztuko dugu sua. Olioa ongi berotu dela sumatu orduko, tipulin pikatua, piperra, baratxuria eta patata irauliko ditugu, eta bizkor irauliko dugu guztia bitsadera batez, gaiak egokiro nahas daitezen. Garrantzitsua da patatei sutara baino lehen gatzik ez ematea. Horrela lortuko dugu pure ez bihurtzea. Hobe dugu arrautza joa gerokoan gazitzen badugu, askoz hobeago aterako zaigu tortilla horrela jokatuta. Su ertainean jarriko dugu ondoren padera eta 30 minutuan edukiko dugu dena berotzen, barazkiei eraginez egiten ari direla sumatu orduko.
- Tarte horren ondoan xukatuko dugu olioa, padera iragazki baterantz makurturik edo, bitsadera batez, barazkiak paderatik atereaz. Erreserban utziko dugu tortilla mamitzeko erabiliko dugun olio partea eta paper xurgatzaile batez garbituko dugu padera, geroago erabiltzeko.
- Ontzi batean hautsi eta joko ditugu arrautzak, gatza oparo emanez. Barazki xukatuak erantsiko dizkiegu arrautzei. Su bizian jarriko dugu berriro padera eta olio tanta batzuk isuriko ditugu hartan, erreserban utzitakotik hartuta. Arrautza-salda isuriko dugu ondoren, azal kurruskari bat eragiteko moduan, eta zirkulutan eragingo diogu paderari hondoa itsats ez dakion. 30 bat segundo igaro ondoan, irauli egingo dugu tortilla beste plater baten laguntzaz eta mamitzen utziko dugu beste aldetik, padera, olio tanta batzuk gehiago isuri ondoan, ongi berotu eta gero.
- Azkenik, plater batean ipini eta entsalada berde batekin zerbitzatuko dugu tortilla.
…
Akaso!
Patata tortillari spanish omelette esaten diote atzerriko leku askotan, hemen bideoa akaso…
Patata tortilla
Pa amb tomaquet
Pa amb tomaquet –
Osagaiak
- Ogi biribila, xerra loditan moztua
- Tomate freskoa eta umoa
- Oliba olioa
- Gatza
…
Errezeta
- Mami xamurrekoa eta azal kraskatsukoa da errezeta honetan erabili beharreko ogia, gure lagun kataluniarrek pan de payés deitzen dutena. Ahhh! gorroto egingo gaituzte esan behar dugunagatik, baina errezeta hau oso ongi gelditzen da hasteko ogia azaletik txigortzen badugu, Heresia gaitza, esango digute! Pikutara heresiak!
- Bi aldeetatik igurtziko ditugu ogi xerrak tomate erdi umoekin, ogiak haien zukua ongi har dezan. Hori egin aurretik, bitan zatituriko baratxuri batez igurzten baditugu, talibanen batek errezeta hori jatorrizkoa ez dela argudiatuko digu, baina tira!
- Azkenik, gatza eman eta oliba olio ugariz garaztatuko ditugu ogi xerrak. Olio jarioan geldi daitezela malapartatuak!
…
Kasu!
Hestekiak, urdaiazpiko iberiarra, natxoak gatzetan, mojama, butifarra erreak, eta abarrak aurkeztu ahal izango ditugu ondoan. Edozein ogitarteko prestatu behar dugunean, ogia gisa honetan prestatzen badugu, bizia askoz ere gozoagoa izango da eta bizkorrago igaroko dira gure pena guztiak.
…
Akaso!
Hemen bideo bat errezeta tradizionala erakutsiz…
Pa amb tomaquet
Gazta krema fruitu gorriekin
Gazta krema fruitu gorriekin –
Osagaiak
- Mascarpone gaztaren krema (Litro bat, hotz-hotza)
- Fruta gorri garbi eta xukatuak (4 eskukada)
- Azukre-hautsa
…
Errezeta
- Gazta–krema hotz-hotza kristalezko lau kopa altutan paratuko dugu.
- Krema aldez aurretik egina izan genezake, ongi gordea hozkailuan. Hala egiten badugu, kopak ongi estalirik izan behar ditugu ez usain ez zapore bitxirik har ez dezaten.
- Uretik pasatu beharra duten fruta gorriak ongi garbitu (andere mahatsa, marrubiak). Beste batzuen kasuan hobe da uretik ez pasatzea, desegin ez daitezen (masustak, mugurdiak, basoko marrubiak); horiekin aski da txortenak eta itsatsita diratekeen hostoak kentzea.
- Krema zerbitzatzeko orduan, par-par bota fruta gorriak, oparo, eta gero gainetik azukre-hautsa, elurtua bezala gelditu dadin fruta-tontor hori.
…
Akaso!
Edalontzian hartzeko postre RZ errazak bideoak, ideiak emate aldera…
Gazta krema fruitu gorriekin
Txerri saiheskia labean
Txerri saiheskia labean –
Osagaiak:
- Txerri saiheski bat
- Gatza
- Piper hauts beltza
- Oliba olioa
- Ezkaia (Begiratu gure hiztegian, baina tomillo/thym da. Hilario Arbelaitzek, hala ere, xarpota esaten dio)
- Ozpina koilarakada bat
- Baso bete ur
…
Errezeta:
- Labea 190 gradotan berotzen jarri
- Txerri saiheskiari gatza eta piper hauts beltza gehitu, norberaren gustuaren arabera.
- Labeko ontzi batean txerri sahieskia jarri, azpian basokada bat ur eta ozpin koilarakada bat jarriz.
- Azkenik ezkaia gehitu sahieskiari. Ezkai freskoa bada, hobe.
- Saiheskia labean sartu, gorritzen den bitartean. Kolorea hartzen duenean atera eta saiheskiari buelta eman.
- Tamainaren arabera egon beharko da labean baina 10-15 minutu inguru beharko du alde bakoitzeko.
- Eginik dagoenean, hezurrak markatzen duen eran moztu eta platerean jarri. Nahi bada, gatzaren puntua egokitu gainetik jarriaz.
Kasu!
Guztiz gomendagarria da letxuga edo barazki freskoez laguntzea saiheskia.
Era askotara egin daiteke saiheskia. Gatz eta piper hautsa gehitu beharrean, barbakoa saltsa ere jar daiteke. Finean, norberak nahi duen saltsa edo osagarria.
Txerri saiheskia labean
Legatza itsas jogurtarekin
Legatza itsas jogurtarekin –
Osagaiak
- 150 g-ko 4 legatz xerra
- 160 g “griego” erako jogurta
- alga nori xafla bat (sushi rollitoak egiteko erabiltzen dena)
- perrexila
- limoi bat
- oliba olioa
- gatza
…
Errezeta
- Alga noria tira finetan moztu eta labean 100ºtan lehortu ordu betez. (ondoren frijitu daitezke edo ez).
- Tiratxoak txiki egin eta jogurtari nahastu. Zenbat alga gehitu norberak nahi duen moduan.
- Perrexila txikitu eta jogurtari nahastu.
- Limoi azala birrindu eta jogurtari nahastu.
- Azkenik, oliba olio pitin bat gehitu nahasketari.
- Legatza lehendabizi azalaren aldetik egin olio pitin baten laguntzaz eta ondoren barrualdetik.
- Jogurtarekin zerbitzatu.
…
Kasu!
Aukeran, barazki batzuk tiratan moztu eta soja saltsa pixkatekin salteatu. garnizio moduan ipintzeko. Alga noria beharrean izokina xaflatan ere erabil genezake rollitoak egiteko.
Legatza itsas jogurtarekin
Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a
Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a –
Osagaiak
- Ahuakate bat
- Indioilar 2 bularki
- Limoi bat
- Laranja bat
- Soja saltsa
- Fruitu lehor 2 eskukada (nahasketa; urrak, intxaurrak, almendrak,…)
- Ezpelete piper hautsa
- Oliba olioa
- Gatza
- Molde erako ogia
Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a
Errezeta
- Hasteko, indioilar bularkiak garbitu eta fin xerratu.
- Bol batean, bi koilarakada soja saltsa, bi koilarakada limoi ura, bi koilarakada laranja ura eta piperbeltz apur bat nahastu. Bol honetara aurreko xerra finak igaro eta 2 orduz hozkailuan gorde.
- Sandwich-a muntatzeko, ahuakatea zuritu (lehenengo, luzeran, labanaren laguntzaz, honen punta hezurreraino sartu eta buelta guztian markatu, eta gero jiratuz bi erdi egin. Erdiak koilara batekin osorik atera) eta xerratan egin.
- Fruitu lehorrak txiki-txiki egin eta gatza eta ezpelete piper hautsarekin nahastu (azken bi hauek nahieran).
- Oilasko bularki xerrak plantatik igaro buelta eta buelta eta aurretik tostatutako ogi gainean ipini. Gainean ahuakatea eta fruitu lehorrak ezarri.
- Xerra finekin bolean geratzen den ura zartagian jarri eta “erreduzitu” saltsa apur bat loditu arte.
- Saltsa lodi honekin amaitu sandwich-a!
…
Kasu!
Letxuga, tomatea edo gazta pixka bat geitu diezaiokezu sandwich-ari hala nahi baduzu…
Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a
Akaso!
Munduko sandwich-ik handiena?
Txibi garbantzu entsalada
Txibi garbantzu entsalada –
Osagaiak
- Txitxirio edo garbantzu pote bat (400 g inguru)
- 8 txibi ale (garaikoak hobe!)
- Arrautza bat
- Piper berde bat
- Piper gorri bat
- Tipulina ale bat
- Ozpina
- Olioa
- Gatza
- Tomate ale bat
- Piper hautsa
- Lima bat
Txibi garbantzu entsalada
Errezeta
- Lehendabizi ura irakiten jarri arrautza egosteko. Bor-bor indartsuan dagoenean, arrautza sartu eta 8 minutu itxaron. Ondoren uretik atera eta hozten utzi.
- Txibiak garbitu (buelta eman gabe! Azalean dago zapore guztia)
- Txitxirio edo garbantzuak uretatik pasa potean eduki ditzakeen kontserbagarrien gustua kentzeko.
- Tipulina eta bi piperrak, arrautzarekin batera, ahalik eta dado txikienetan egin.
- Bol batean, txikitutakoak eta garbantzu egosiak, ozpina eta olioarekin busti nahieran.
- Lima ur tanta batzuk gehitu eta 10 minutuz bere horretan utzi.
- Bitarte honetan, txibiak plantxatik igaro. alde bakoitzeko 20-30 segundoz olio pitin baten laguntzaz.
- Amaitzeko, tomatea moztu nahi den moduan, garbantzu eta piper nahasketa gaineratu eta azkenik, txibi egin berriak ezarri.
- Gozatu eta on egin!
Txibi garbantzu entsalada
Akaso!
Hong Kong-eko kaleetan txibi txiki bat kuzinatzen…