Esne gozoa
Esne gozoa –
Postre eta gozoki eta gozoaren tartea gustoko duzula eta gozoaren muina den RZ eta teknika dakarkizugu gaur, Esne gozoaren RZ. Erraza, parranda osterako gailetekin jateko edo ama eta izeba datozenerako, ligatzeko ere bai. Gozatu eta on egin! 🙂
Esne-gozoa
Errezeta
- Kazolaren hondoan egunkari-orri bat ipiniko dugu tolestaturik, latak zuzenean hondoa uki ez dezan. Hondoan egokitu eta urez beteko dugu kazola.
- Borbor apalean irakiten edukiko dugu gutxienez 2 orduan, tapaturik betiere, eta ur horretan berean utziko dugu hozten. Urez estalirik egongo da beti lata.
- Hoztu denean, lata ireki eta esne-gozoa txigorturik eta mamiturik dagoela ikusiko dugu, galleten artean, opil gozo batekin jateko prest.
…
Kasu!
Gozo-gozoa zinez. Opil gozo batekin jateko primerakoa.
…
Akaso!
Blankey Jet City – Sweet Milk Shake (Live)
Esne gozoa
Etxeko ganba gabardina eran
Etxeko ganba gabardina eran –
Apeta eta jolaserako gogo apur bat sartu zaigu eta etxeko ganba gabardina eran RZ dakarkizugu gaurkoan. Gustukoa ezta? Gozatua itzela badakizu eta erraz-erraza, aproposa oso ama eta izeba datozenerako, edo ligatzen laguntzeko moduko giroa sortzeko, edo bazkari sarrera gisa prestatzeko, edo afari-merienda horretan denak txundituta uzteko. Horixe, noiznahi jateko modukoa. Gozatu eta on egin! 🙂
Etxeko ganbak gabardina eran
Osagaiak
- Ganbak
- Irina
- Garagardoa
- Legamia
- Gatza
- Etxeko maionesa
- Piper hauts gozoa
…
Errezeta
- Ganbak zuritu isatsaren partea zuritu gabe geratzen delarik (heltzeko).
- Bol batean: 8 g legami, 80 g irin eta 65 g garagardo nahastu, gatza eta olio pitin bat gehitu eta dena berriz nahastu masa fin eta likidoa lortu arte.
- Ganbak isatsetik heldu eta gorpua masan busti. Aurretik berotutako oliotan frijitu masatik igaro eta zuzenean pare bat minutuz.
- Maionesari piper hauts gozoa edo mina gehitu eta lagungarri gisa zerbitzatu.
…
Kasu!
Maionesa egiteko RZ, ez izan alperra… Hala bai…
…
Akaso!
Hemen duzu, ganbak sobran eta akaso, Ganbak baratxuritan RZren bideoa…
Maitane Segurolaren Ganba Broxeta RZ egiteko aukera jarraian:
Tom old man cooking Texasko lagunaren ganba frijitu RZ, munduko onena omen dena…
Etxeko ganba gabardina eran
Marmelada kruxpetak
Marmelada kruxpetak –
Postre eta gozoki eta gozoaren tartea gustoko duzula badakigunez, mermelada kruxpeta edo buñelo RZ dakarkizugu gaurkoan. Erraza, ama eta izeba datozenerako, ligatzeko ere bai, edo denak txundituta uzteko moduko RZ horietakoa… Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Haize_kruxpetak, frijituak eta epelduak
- Gogoko marmeladaren bat, lodia
- Azukre-hautsa
Marmelada kruxpeta
Errezeta
- Guraize batzuez albo batetik ireki eta barruko orea hustu egingo diegu, neurrian betiere, kruxpetei, ahalik eta betegarri gehien sartu ahal izateko.
- Koilara batez beteko ditugu marmeladaz kruxpeta guztiak, marmelada jarioan utzirik. Hobe hori, erdi hutsik baino.
- Azukre-hautsa gainetik eman eta epel jango ditugu, hoztu aurretik.
…
Kasu!
Egin berri eta epel jatea izugarrizko gozatua da, baina hoztuta ere goxo-goxo egongo dira…
…
Akaso!
kruxpetak (buñuelo) eta krispetak ez nahastu… 🙂
Sagar kruxpeta RZren bideoa pausoka
Marmelada kruxpetak
Ahate magret errea sagarrekin
Ahate magret errea sagarrekin –
RZ berezi eta landuagoak dauzkagu buruan eta bidean, gaurko honetan oso gustoko dugun ahate magret errea sagarrekin RZ dakarkizugu. Erraza, ama eta izeba datozenerako edo ligatzen laguntzeko modukoa gau bereziren baterako. Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
Ahate magret errea sagarrekin
Errezeta
- Koipearen aldetik hartuko ditugu paparrak eta sare bana ziztatuko diegu labana zorrotz batez, haragia ukitu gabe. Errazago desegingo da horrela koipea paderan.
- Su ezti-eztian paratuko dugu padera bat berotzen, eta hartan jarriko ditugu baratxuri aleak eta paparrak, koipearen aldetik. Poliki-poliki urtuko da koipe hori, eta metatzen den heinean aterako dugu guk paderatik, paparrak lehor eta koiperik gabe eduki behar baititugu lanean segitu ahal izateko. 20 bat minutu emango ditugu koipea horrela urtzen, magreta irauli gabe; su ezti-eztian egingo dugu lan hasieran eta biziagotuz joango bagara ere, sekula ez dugu kerik eragin dezan utziko.
- Paparrean geratzen den koipe geruza huskeria dela, koipea urtu eta paparra egoki txigortu dela, ikusi orduko, irauliko egingo dugu paparra eta beste 30 bat segundoan utziko dugu alde horretatik egiten, gordin itxura gal dezan. Magreta txikiagotu egingo zaigu, tamaina galduko du.
- Ohol edo plater baten gainean utziko ditugu ondoren lau paparrak, eta plater batez estalirik edukiko ditugu 3 bat minutuan, barruko zukua modu berdinean bana dadin pieza guztian. Mozterakoan zuku gutxi aterako da jario horretan, haragi puskak ongi erre, egoki pausatu eta gatzik gabe maneatu direlako. Platerean dauzkagunean emango diegu gatza!
Sagar salteatu batzuekin aurkeztuko dugu magreta. Hona hemen nola prestatu.
- Padera bat su gainean daukagula, gurina jarriko dugu eta urtu ondoan aparra sortzen hasi orduko irauliko ditugu sagar atalak, limoi zukuan bustiak. Su ertainean salteatuko ditugu.
- Kanela adaxka eta azukrea gaineratuko dizkiegu ondoren, kolore gorrixka har dezaten, baina erre gabe. Lau bat minutu izango dira su gainean.
- Tanta batzuk calvados edo brandy erantsi ahal izango ditugu bukaeran.
- Erretiratu eta ahate papar errearen ondoan zerbitzatuko ditugu sagar hauek.
…
Kasu!
Magretak tamaina galtzen duela kontuan izan. Platerean dauzkagunean eman gatza.
…
Akaso!
Txorienen Zigor Iturrietak eta Jabier Agirre mediku-adituak egin zuten Ahate magreta mango saltsarekin RZ.
Ahate magret errea sagarrekin
Frutazko gelatina
frutazko gelatina jon eran –
Haur edo umeren bat, edo batzuk, ondoan dituzuenerako RZren bat eskatu diguzue; Sukaldea, gozoa eta jolasteko gogoa uztartuz frutazko gelatina Jon eran RZ dakarkizugu. Erraza, ama eta izeba umeekin datozenerako, edo ligatzen laguntzeko modukoa zergatik ez, gaurkoan umeekin jolasteko RZ ekarri badizugu ere beti mutil edo neska horrengan pentsatzen ari zara eta… Jolastu, gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Gelatina-sobrea (Nahi duzun zaporekoa)
- Gelatinaren zapore berdineko fruta
- Ura
frutazko_gelatina jon eran
Errezeta
TRESNAK
- Laban bat
- Pitxer bat
- Molde bat
- Hozkailua
PRESTAKETA
- Lehenengo,ura pitxer batean bota, eta ura berotu.
- Bero dagoenean, gelatina sobrea bota eta dena nahastu.
- Bitartean, fruta moztu eta moldean sartu.
- Gelatina prest dagoenean, moldera bota, eta kanpoan utzi, giro-tenperatura gutxi gorabehera hartu arte.
- Bukatzeko, hozkailuan sartu, gelatina biguna geratu arte.
…
Kasu!
Gelatina eta fruta nahastu kopa edo plater baten eta batera zerbitzatu.
Helatu pixka batekin ere primeran geratzen da.
…
Akaso!
Gelatinaz jolasteko RZ eta aukera ezberdinak…
frutazko gelatina jon eran
Sagar tarta
Sagar tarta
Errezeta hau 8 lagunentzako modukoa da
Osagaiak:
- 2 Arrautza
- 100 gr Azukre beltz
- 8gr legami hauts
- 180 gr irin
- 4 Sagar, ahal dela chanteclair motakoak
- 175 gr Esne +
- Gurina eta irina molderako
- Gatz apur bat
- Abrikota edo albarikoke marmelada
…
Errezeta:
- 2 Sagar zuritu, laukitan zatitu eta gopor edo bol batean ipini; esnea, azukrea, legamia, arrautzak eta irinarekin batera. Turmixaren laguntzaz dena irabiatu ore fina lortu arte.
- Tarta egingo den moldea gurinez igurtzi, irinez jantzi eta aurreko nahasketa barrura igaro.
- Beste 2 sagarrak zuritu eta lamina finetan moztu. Hauekin, moldeko masa estali.
- Tarta labean sartu aurretik 180º tan dagoela egiaztatu eta han sartu 40 minutu.
- Tarta labetik atera eta tenperatura apur bat jetsi zaionean, marmelada kapa fin batez busti.
…
Kasu!
Sagar mota ezberdin askok balio du tarta egiteko. Bakoitzak, hori bai, emaitza ezberdina emango du. Kasu honetan, interesgarria da aukeratutako sagarrak labea ondo igarotzea desegin gabe (reineta, chanteclair…).
Tarta oinarri beretik abiatuta, fruta desberdindunak egin daitezke: udarea, anana, platanoa edo mazedoniarena, esaterako.
…
Akaso!
Aldapeko sagarraren adarraren puntan…
SAGARRA JO !!!
Sagar tarta
Tipula eta hirugihar tarta
Tipula eta hirugihar tarta –
Hotzak konbatitzeko zopa edo salda bero bat bezalakorik ez dagoela esan genuen aurreko baten, baina pizzak etab. bero eta eginberri daudenean… gozatua ere itzela izan ohi da, ezta? Denbora eta pazientzia pixka bat eskatzen du gaurko Tipula eta hirugihar tarta RZk. Baina erraza, parranda osterako aproposa, ama eta izeba datozenerako edo ligatzen laguntzeko modukoa. Gozatu eta on egin! 🙂
Tipula eta hirugihar tarta
Osagaiak
Tipula eta hirugihar tarta
Errezeta
- Kazola batean olioa jarri eta sutan jarri. Bertan frijituko ditugu, su ez oso bizian, baratxuria, tipula eta hirugiharra. Gatz pixar bat eman. Egin dadila pixkana-pixkana barazkia ongi egosia egon arte, eta franko murriztu arte, ahal dela, kolore iluna hartu arte. Kolore iluna azkeneko momentuan sua bizituz lortuko dugu. Horrela karamelu itxura hartuko du. Guztira 2 ordu edo behar dira. Gero epeldu dadila pixka bat.
- Aurretik labean berotutako moldean sartuko dugu hirugiharra duen tipula orea. Zoko guztiak ongi bete, esnegaina zurrusta finean botaz gainetik. Gazta arraspatuz estali gero. Dagoela labean 200 graduan, 10 bat minutuz gutxi gorabehera, gainaldea pixka bat txigortzen den arte, tipula, esnegainarekin nahasita, goxo-goxo gelditzen den arte.
…
Kasu!
Entsaladarekin batera zerbitzatu.
…
Akaso!
Pierre Castagne Chef-aren tipula tarta RZ, ez galdetu nor den… 🙂
Tipula eta hirugihar tarta
Natilak
Natilak –
Postre eta gozoki eta gozoaren tartea beste behin bisitatuz Natilak RZ basikoa dakarkizugu. Erraz-erraza, parranda osterako edo ama eta izeba datozenerako, ligatzeko ere zergatik ez? Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Litro bat esne
- 8 arrautza gorringo
- Irin koilarakada lau bat
- 5 koilarakada azukre
- Kanela hautsa (aukeran)
…
Errezeta
- Gogoko dugun zerbaitekin irakingo dugu esnea: limoi, kanela, bainila… Behin irakindakoan, epeltzen utziko dugu bazterrean.
- Gopor edo katilu batean gorringoak, irina eta azukrea joko ditugu, krema eder bat lortu artean. Poliki-poliki gehituko diogu nahasketa honi alboan daukagun esne irakinari. Arretaz egin behar da lan hau, zatitxoak sor ez dakizkigun.
- Esne guztia nahastu dugularik, erabili dugun ontzira irauliko dugu nahasketa eta su eztitan jarriko, zurezko koilara batez maneatzeari utzi gabe. Natila apur bat loditzen hasia dela ikusitakoan, banakako katiluetan jarriko dugu eta hozten utziko dugu.
Kasu!
Ohikoa da gaileta borobil bat gainean jartzea eta biziki ohitura gomendagarria da hori gustuko duenarentzat, izan ere, geruza lodiegi bat sor dakion eragozten baitu horrek.
…
Akaso!
Natilak frutarekin ere konbina zenitzake…
Natilak
Luisa gazta tarta
Luisa gazta tarta –
Postre eta gozoki eta gozoaren tartea gustoko duzula eta, Luisa gazta tarta RZ dakarkizugu gaurkoan. Erraza, parranda osterako edo ama eta izeba datozenerako, ligatzeko ere bai, edo momentu intimo horiek sortzeko aitzakia… txokolate beroaz lagunduta agian…
Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- 100 g gurin guri, pomadan
- 450 g azukre-hauts
- 100 g pastel-irin ahul
- Ximiko bat legamia-hauts
- Kg bat gazta zuri, joa eta giroko tenperaturan (fromage blanc battu)
- 3 koilarakada bete irin
- 7 arrautza eta 2 gorringo
- 6 koilarakada bete krema lodi (esnegain bikoitza)
- Ximiko bat bainila-hauts
- 2 limoi azal birrindu
- Aran lehorrak, Malagako mahaspasak, eta abar
- 20 zm-ko diametroa duen molde altu bat
Luisa gazta tarta
Errezeta
Hondoa egiteko:
- Bi arrautza, gurina, 100g azukre, pastel irina eta legamia batu eta nahasiko ditugu gopor batean.
- Moldearen hondoan eta paretetan egokitu ahal izango den orea lortuko dugu.
- Labean sartuko du ondoren oreaz hornituriko moldea, 200º-ko tenperaturan, eta 15 bat minutuan edukiko dugu, ongi gorritu arte.
Betegarria maneatzeko:
- Kontu handiz nahasiko ditugu gelditzen zaizkigun osagaiak krema lodia, gai lurrintsuak eta mahaspasak eta aranak (zati txikitan moztuak) azkenerako utzirik.
- Moldearen hondoaren gainean isuriko dugu betegarria (labean errea eta hotz egongo da ordurako moldea), eta 15 bat minutuan edukiko dugu ondoren labean, 230º-ko tenperaturan, eta beste ordu bete, 100º-ko tenperaturan.
- Hozten utziko dugu pastela, moldetik atera aurretik.
…
Kasu!
Goxo-goxoa egongo da biharamunean ere.
…
Akaso!
Japoniar gazta tarta RZ nola egin…
Oreo gazta tarta RZ nola egin…
Luisa gazta tarta
Erroskilak
Erroskilak –
Zopa eta salda asteburu hauek alde batera utzita, azukre gogoa sartu zaigu eta beste bizipoz bat gaurkoan, erroskila RZ zaharra. Erromatar inperioaren denboratik datorren RZ dirudienez, baina ziur lehenago ere izango zena antzekorik egin zuenik… Erraza, parranda osterako aprosagorik gutxi, ama eta izeba datozenerako, ligatzen laguntzeko modukoa, noiznahi jateko modukoa… Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
…
Errezeta
- Gopor edo ontzi borobil batean arrautza jo eta gehitu berari 4 olio goilarakadak, anisa eta esnea.
- Dena berdindu arte irabiatu behar da. Orduan azukrea eta legamia gehitu eta segi irabiatzen azken hauek guztiarekin bat egin artean. Apurka gehitu eta nahastu irina ore erabilgarri bat lortu arte.
- Ondoren zentimetro erdiko zilindroak egin eta 10 zentimetroko luzeran moztu.
- Ore tutu hauekin, erroskilak osatu borobilean, muturrak elkarri itsatsi.
- Su ertainetan olio ugari berotu zartagin handi batean eta erroskila denak frijitu, puztutzen direla ikusteraino. Igo sua nahi beste gorritu direla erabaki arte.
- Erroskila guztiak sukalde paperaren gainean jarri eta glass-azukrearekin egin euri zuri bat gainetik.
Erroskilak
Kasu!
4 lagunentzat…
…
Beganoentzat ere bai…
…
Akaso!
Itxaropena ikastolako haurrak HH5_erroskilak egiten 2015eko garai hauetan…
Erroskilak pastel forman akaso…
Akaso TOBLERONEtzar bat nola egin…
Giant KINDER !!!!!! Burua joan zaigu bai, hainbeste azukre izango da…
Azukre gehiegi bai…
Erroskilak
Katu zopa
Katu zopa –
Epeltzen edo eguraldia aldatzen hasi den arren, zopa aldartean gabiltza oraindik, hotzak barruraino sartu zaizkigula eta, hotzok konbatitzeko zopa edo salda bero bat bezalakorik ez dago. Bizipoz eta pizgarri, sano-sanoa ere bai, gaurkoan katu zopa RZ dakarkizugu. Erraza, parranda osterako ezinhobea, ama eta izeba datozenerako, noiznahi jateko modukoa… Zaindu, gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Litro bat ur
- Gatza, pixar bat
- Baratxuri ale bat, pikatua
- 5 koilarakada oliba olio birjina
- Ximiko bat piperbeltz, ehoa
- 4 eskukada bete ogi zuri (ogi biribil zaharra, xerra mehetan moztua)
- 2 arrautza
- 2 koilarakada gazta birrindu
…
Errezeta
- Errezeta hau egiteko ura egosten jarri eta harekin batera erantsiko ditugu baratxuri alea, olioa eta piperbeltz ehoa. Irakiten hasi orduko gaineratuko dugu ogi zuria, pixkana-pixkana, zopan ongi batu dadin, egoki lodi dadin. Horrela jokatzen badugu berehala lortuko dugu nahi dugun lodiera arin hori. Argi geldituko dira zopak, eta gutxienez ordu erdia beharko dute sutan horretarako.
- Beste ontzi edo gopor batean joko ditugu arrautzak, eta gaztarekin nahasi ondoren.
- Zopak egosten behar duten ordu erdi horren ostean erantsiko dizkiegu arrautzak eta gazta. Nahasi, gatz-puntua zuzendu eta sutatik aterako ditugu zopak.
- 10 bat minutuan edukiko ditugu pausatzen, ongi estalita. Lodi eta krematsu, erakargarri azalduko zaizkigu zopa hauek.
…
Kasu!
Uraren ordez salda bideratzen badugu, zoragarria…
…
Akaso!
SOS uneetarako Argiñano eta Berasategiren eskutik: Katu jana RZ
Katuari goilaraz zopa emateko RZ dela uste izan du baten batek…
Katu zopa
Oilasko zopa
Oilasko zopa –
Gaurko elur eta egun hauetako hotz eta euri amaigabeak konbatitzen jarraitzeko oilasko salda bero pizigarri RZ goxo eta sano askoa dakarkizugu. Erraza, parranda osterako ezinhobea, ama eta izeba datozenerako, noiznahi jateko modukoa… 4 lagunentzako kopuruak zeuretzat bakarrik erabil ditzakezunak, ohartu orduko amaitu delako… Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
Oilasko zopa
Errezeta
- Oliba olioa eltze handi batean isuri eta sutan ipiniko dugu.
- Oilasko puskak barruki eta guzti erantsiko ditugu ondoren, eta buelta batzuk emango dizkiegu berotan. Gatz pixka bat eman eta erantsiko ditugu barazkiak osorik, ardoa, tomate saltsa eta baratxuri aleak.
- Horren ostean, ur ugariz estali, berriro ere gatz pixka bat eman eta su eztian irakiten utziko dugu guztia, 50 bat minutu, haragia hezurretatik bereizten dela ikusi arte.
- Eskukada fideoa erantsiko dugu eltzea sutatik atera baino 10 minutu lehenago, eta bero-bero zerbitzatuko dugu zopa.
…
Kasu!
Iragazi eta salda hutsean irakin ditzakegu halaber fideoak, eta haragi puskak eta barazkiak bereiz atera. Nork bere gustuaren arabera betiere.
…
Akaso!
Chicken Noodle Soup RZ…
Oilasko zopa
Txokolate beroa
Txokolate beroa –
Egun hauetako hotzak konbatitzeko postre eta gozoki eta gozoaren tartea berriz irekiz Txokolate.beroa bizipoz RZ dakarkizugu. Erraz-erraza, parranda osterako edo ama eta izeba datozenerako, baina agian batez ere ligatzeko edo momentu intimo horietarako ezin egokiagoa, ezta? Gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- Litro erdia esne
- Gurina, zati eder bat
- 100 g txokolate beltza, kalitate onekoa eta zatitua
- 2 koilarakada azukre beltz
Txokolate bero
Errezeta
- Kazola batean, su ezti-eztian edukiko ditugu esnea eta azukrea minutu batean.
- Kazola sutatik atera eta, txokolatea erantsi ondoren, irabiagailuaren besoaz joko dugu guztia, indar betean.
- Berotasuna galdu orduko gaineratuko diogu gurina oreari.
- Katilu berotan zerbitzatu dugu txokolatea, madalena edo opiltxoekin batean.
…
Kasu!
Madalena edo opiltxoekin batean zerbitzatzearena derrigorrezkoa da, edo txurroak direla edo…
…
Akaso!
Dorleta Kortazar kaixomaitia.eus blogean txokolate beroaren ipuina:
Hot Chocolate – You sexy thing – 1975
. . .
Txokolatea etxean nola egin 4 osagaiekin, ume eta gaztetxoagoekin aritu eta sukaldean jolasteko baliagarri, udaleku batzuetan egin genuen gu geuk…
Txokolate beroa
Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin
Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin –
Osagaiak
- 4 hegaluze solomo, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
- 6 koilarakada oliba olio
- 4 baratxuri xister, zerrendatan moztuak
- 3 koilarakada sagardo-ozpin
- Perrexil txikitua
- Gatza
Hegaluzea plantxan baratxuri ta olioarekin
Errezeta
- Gatza bi aldeetatik eman eta padera batean jarriko ditugu hegaluze solomoak su bizian, oliba olio pixar batekin. 4 bat minutuan edukiko ditugu su bizi horretan. Erretiratu egingo ditugu, lehor ez daitezen.
- Padera garbitu, olioa isuri eta hartan gorrituko ditugu baratxuri xerrak.
- Sagardo-ozpina isuriko dugu ondoren, erne zipriztinekin!, eta segundo batzuetan irakitan eduki ondoren gaineratuko dugu perrexil xehatua.
- Baratxuri-olioa gainean garaztatu eta mahairako prest edukiko ditugu hegaluze solomoak.
…
Akaso!
Hegaluze edo atun osoa nola ebaki 90 segundutan…
Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin
Eskarola entsalada granadekin
Eskarola entsalada granadekin –
Gabonetako jatunkeria denbora honen osteko urtarrileko barne garbiketa prozesua jarraituz, beste RZ garbi eta basiko bat dakarkizugu, ia antiRZ litzakena, bi hosto eta bi fruitu. Gainera berde pixka bat ikutu gorriekin, ezin patriotiko eta garbiagoa. Bakarrik bere horretan hartu behar zenuke eta ohera, baina edozein haragi edo arrain laguntzeko, beti buruan izateko primerako RZ azkar, koloretsu, erraz-erraza eta noiznahi jateko modukoa duzu honakoa. Txantxak aparte, behea jo dugu RZ honekin agian, kalitatez gora behar dugu, eta egingo dugu saltutxo bat otsailetik… Segi fin, gozatu eta on egin! 🙂
…
Osagaiak
- 2 eskarola garbi, xukatu eta hostoak libratuta
- Granada bat
- Oliba olio birjina, 6 koilarakada
- Limoi zukua
- Gatza
Eskarola entsalada granadekin
Errezeta
- Granada erdibitu, eta koilara batekin aleak askatu, aleen tartean izaten duten mintza bazterrera kenduz, mikatza izaten baita.
- Entsalada-ontzi batean eskarola eta granada-aleak paratu.
- Katilu batean nahasi limoi zukua, gatza eta oliba olioa. Eskarolaren eta frutaren gainera isuri, buelta batzuk eman, eta mahaira azkar.
Eskarola entsalada granadekin
Kasu!
Edozein haragi edo arrain laguntzeko primerakoa…
…
Akaso!
Granada bat irekitzeko modu egokia…
eta urarekin ere bai…